Politika

Gipuzkoako Batzar Nagusiek omenaldia egin diote Jauregiri, ETAk hil eta 14 urtera

Jauregiren hilketagatik barkamena eskatu du Ibon Etxezarreta presoak, Noticias taldeari bidalitako gutun batean.  "immobilismoa" alde batera utzi eta "autokritika" egiteko eskatu dio Sorturi. Maixabel Lasak, berriz, Etxezarretaren bideari jarraitzeko eskatu die euskal preso politikoei, eta egindakoa "zuritzeari uzteko".  

Gipuzkoako Batzar Nagusiek omenaldia egin diote gaur Juan Mari Jauregiri. JON URBE, ARGAZKI PRESS
2014ko uztailaren 29a
13:58
Entzun

Ibon Etxezarretak barkamena eskatu dio Juan Mari Jauregiren alargunari, Noticias taldeari bidalitako idatzi batean. Han aitortu du "sendaezineko mina" eragin zuela, eta eskerrak ematen dizkio Lasari, Jauregiren alargunari, "iraganari buruzko hausnarketa egiten laguntzeagatik".

Etxezarretak justifikaezintzat jo du atentatua, Jauregi hil eta "familiari sendaezineko mina eragiteko soilik balio izan zuelako". Alde horretatik, Etxezarretak azaldu du urte hauetan ETAren biktimen testigantzak entzuteko aukera izan duela, bai presondegian eta bai kalean. "Ohartu naiz familia jakin batzuei eragindako minaz. Haien testigantzak entzuteak hunkitu egin nau".

Etxezarreta Sorturi ere mintzatu zaio gutunean, eta eskatu dio alde batera uzteko "isiltasun eta immobilismoa" eta "autokritika" egiteko. "Sortuk konpromisoak hartu behar ditu blokeo egoera hau gainditzeko. Ezin da militante, preso eta preso ohien gain utzi gertatutakoaren gaineko erantzukizun osoa, norberaren erantzukizun politikoari entzungor eginez".

Aldi berean, nabarmendu du ETA ez dela izan urte hauetako indarkeriaren erantzule bakarra. Baina ohartarazi du ezker abertzalea ezin dela ezkutatu "argudio horren atzean urratsak egitea saihesteko".

"Beharrezkoa"

Lasak Euskadi Irratian erantzun dio Etxezarretaren idatziari, eta nabarmendu du barkamen eskea "oso baliotsua" dela, berandu izan arren. "Orain dela hamalau urte ezinezkoa zen halako zerbait pentsatzea. Eta orain, Juan Mari gehiago nire ondoan ikusiko ez dudan arren, asko balio du hura hil zutenetatik bik barkamena eskatu izanak".

Lasaren esanetan, gauza bera egin beharko lukete euskal preso politiko guztiek: "'Baina' dioten aldiro, zuritu egiten dute egindakoa, eta hori ez da ulergarria".

"Hausnarketa" egin beharko luke ezker abertzaleak ere, Lasaren arabera, "ETAk egindakoa txalotu ez ezik jarraibideak ere eman" baitizkio.

EAJko Bizkai Buru Batzarreko buru Itxaso Atutxak ere pauso garrantzitsutzat jo du Etxezarretaren gutuna, eta Sorturi eskaera egin dio bere ibilbideari "gainbegiratu politikoa" egiteko. Atutxak itxaropena agertu du gainontzeko preso politikoek bide berari jarraituko diotela: "Honek erakusten du elkarbizitza posible dela eta normaltasunez lor daitekeela".

Omenaldia

Jauregi hil zutenetik 14 urte bete diren egunean, lore eskaintza egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek foru parlamentuaren aurrean. Han izan dira, besteak beste, Lasa bera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eider Mendoza Batzar Nagusietako kidea.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarolak proposatu zuen lore eskaintzak egitea ETAk eta Komando Autonomoek hildako diputazioko bi kideen omenez: Jauregi bera, eta Jaime Arrese, 1979ko urrian hila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.