"Gipuzkoa eta EAEko herritarren gehiengoak ez ziola Konstituzioari babesik eman 1978ko erreferendumean. Legitimazio gabezia hori gaur arte mantentzen da". Hala salatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur, EAJk eta EH Bilduk proposatutako bost puntuko testua onartuta. PPk eta PSEk aurkako botoa eman dute, eta puntu batzuk soilik babestu ditu Ahal Dugu-k. Izan ere, bihar beteko dira 40 urte Espainiako Konstituzioa onartu zela. Euskal Herrian, herritarren %34,55ek baino ez zuten babestu.
"Inposatutako batasunak eta halabeharrez kide izateak zekarren eta dakar Espainiar Estatua oinarri antidemokratikotik eta historikoki faltsutik eraikitzea", azaldu dute bigarren puntuan. "Konstituzioaren erreforma batek zein prozesu konstituziogile batek" jaso beharko lituzkeenak zerrendatu dituzte hirugarrenean; besteak beste, "gizarte eskubideak blindatzea" eta "modu federal eta konfederal batean antolatzea estatuaren izaera plurinazionala eta eleaniztuna, Konstituzioaren testuan jaso beharko delarik determinazio libreko printzipioa”.
Gainera, "eskubide historikoen eguneratzeko interpretazio juridiko-politikoak" hori ahalbidetu dezakeela esan dute, eta monarkia gaitzetsi dute: "Anakronismo historiko eta demokratikoa dela, Euskal Herritik kanpo dagoen instituzioa". Hala, biharko ospakizunetan parte ez hartzeko borondatea agertu dute.
Erakusketa eta manifestazioa
Udalbiltzak erakusketa ireki du Iruñean, urteurrenaren harira. 40 urte, 40 gezur izena jarri diote, eta Kondestablearen jauregian dago ikusgai. Konstituzioko artikuluak erabili dituzte horretarako, horietako bakoitza "gezurra" dela argudiatzeko. Webgune batean ere jarri dute ikusgai erakusketa.
EH Bilduk, bestalde, manifestaziora deitu du biharko. Euskal Errepublika! lelopean, 12:00etan aterako dira Bilboko Plaza Eliptikotik.