Eusko Jaurlaritzaren Zatikako Lurralde Planak Debagoiena «Gipuzkoako bigarren hiriburua» izatea nahi du. Plangintzak helburutzat hartu du eskualdeakdatozen hamabost urteetan biztanlerik ez galtzea (70.000 inguru ditu gaur egun). «Populazio horrekin eta jarduera ekonomikoak duen bizitasunarekin, jomuga da Debagoiena Gipuzkoako bigarren edo Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren hirigune bilakatzea», esan dio Berriari Martin Arregik.
Xede hori gauzatzeko tresna garrantzitsua izango da eskualdeko gune nagusiak lotuko dituen tranbia. Proiektuaren lehendabiziko tartea Bergaratik Aretxabalatera doa eta, gero, Eskoriatzarainoko luzapena eta Oñatirako adarra jarriko dira abian. Hala ere, azken asmoa da Debari jarraikiz itsasoraino heltzea. Urtea bukatu aurretik obrak ematea espero da.Lakuak mahai gainean utzi du, «gogoeta bezala», Debagoiena eta Goierri Antzuolatik (Deskargatik) trenbidez lotzeko aukera. Arregiren esanetan, eskualdea trenbide sare handietara gerturatuko litzateke.
Goienkaria argitalpeneko kolaboratzaile Mikel Irizarrek begi onez ikusi ditu Eusko Jaurlaritzak proposatutako hausnarketak. Bere ustez, Debagoiena EAEko laugarren hirigune bilakatzeak «forma ematen dio berezko errealitate bati».«Debagoiena oso isolatuta egon da historikoki. Halako joera sortu da: «Inork ez digunez ezer konponduko, goazen geure kabuz eta gure indarrekin lan egitera». Faktore endogenoak garatu ditu, beraz, izugarrizko gaitasunarekin. Horixe da, finean, kemen historikoaren arrazoia».Bide beretik, Irizarrek gogora dakar sarri askotan esan duena eskualdeko jendearen bizitza deskribatze aldera: «Debagoienekook gipuzkoarrak gara administratiboki, bizkaitarrak hizkuntzez eta gasteiztarrak hiltzerakoan edo sendagilearengana jotzean...».Bestetik, tranbiaren egitasmoaren «oso aldekoa» da. «Ikaragarrizko garrantzia izango luke bailara egituratzeko». Gaur egun barruko mugimenduak egiteko «arazo ugari» daudela ohartarazi du. Kontua puri-purian dago Mugikortasun Jasangarriari buruzko Planaren datuak ezagutarazi zirenetik. Horren arabera, Debagoieneko errepideek 100.000 ibilgailu hartzen dituzte egunero, eta gehienak (83.000) barruko mugimenduak dira.Goierrirekiko lotura, berriz, «zentzuzkoa» dela uste du. A-1 autobideak Gasteiz nahiz Donostia alderako korridorea eskainiko badu, ezker-eskuinerako aterabideak ere beharrezkotzat jo ditu; Gipuzkoarantz Deskargatik, eta, era berean, Bizkaia aldera Kanpanzar mendatetik. «Beharbada, isolamendu historiko horretatik hiperkomunikazio batera igarotzeko arriskua egon liteke, Debagoiena industrialde hutsa geldituta... Hortaz, ezinbestekoa da hutsuneak betetzea zerbitzuen, kulturaren edo aisialdien alorretan».
HEGO EUSKAL HERRIKO LURRALDE PLANAK. DEBAGOIENA .
Gipuzkoako bigarren hiriburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu