Gipuzkoako bigarren mailako errepideak berritzeko plana proposatu dute

2007-2017 arteko ekintzak aurkeztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak; 204 milioi euroko kostua dute denera

unai zubeldia
2006ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
2007-2017 artean eskualdeetako eta udalerrietako errepide sarean 22 jarduera edo berrikuntza egiteko proiektua aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak; Gipuzkoako 23 udalerritako bigarren mailako errepideei eragingo dien Gipuzkoako Errepideen Lurralde Alorreko Planaren hamar urterako lan proposamena aurkeztu du Foru Aldundiak -errepide nagusiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Errepideen Egitasmo Orokorrak biltzen ditu, eta plan hori 2005-2016 eperako berrikusten ari dira-. Proposamenean aurkeztu dituzten egitasmo eta berrikuntza guztiak egiteko 204 milioi euro beharko direla aurreikusi dute.

2008ko uda. Proposamenak bere bidea egin eta onartzeko eguna jarri dute dagoeneko. Izan ere, Josu Agirrezabalaga errepideetako zuzendari nagusiak atzo, Javier Zuriarrain Gipuzkoako Bide Azpiegituretarako diputatua eta Nestor Arana Bidegiko zuzendaria alboan zituela, argitu zuen moduan, Foru Aldundiaren proposamenak bide luzea dauka oraindik egiteko, eta litekeena da tartean aldaketaren bat edo beste izatea. «Bi urtez aritu gara diagnosia egin eta lan proposamena osatzen, eta orain udaletxeetara eta erakundeetara bidaliko dugu».

Jendaurrean ere aurkeztuko dute proposamena, eta ondoren bildutako argudio guzti-guztiak aztertuko dituzte. «Garraio agintaritzak txostena egin ostean, Lurralde Antolaketako batzordeak eta Errepide Plan Orokorraren batzordeak txostena egingo dute. Diputatuen kontseiluak onartu ostean, Gipuzkoako batzar nagusiek behin betiko onartu beharko dute plana».

Gipuzkoako errepideek 1.256,4 kilometro dauzkate denera, eta Gipuzkoako Errepideen Lurralde Alorreko Planak errepide horien %69,8ri eragiten die. Izan ere, Gipuzkoako errepideen kilometro kopurua kontuan hartuta, 876,6 kilometro bigarren mailakoak dira: 277,9 kilometro eskualdekoak eta 598,7 kilometro lokalak; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Errepideen Egitasmo Orokorrak Gipuzkoako errepideetan 379,8 kilometrori eragiten die. Agirrezabalagaren hitzetan, bigarren mailako errepide horien eredu orekatuari eustea, Gipuzkoako toki guztiak irisgarri izatea eta lurraldearen kohesioa lortzea da atzo aurkeztutako planaren helburua.

BOST ERREPIDE BERRI. Deba, Sasiola, eta Mutriku arteko errepide berria, Ezkio eta Itsasoren arteko lotura, Zubillaga eta Oñati arteko errepide berria, Aduna ibarreko errepide berria eta Ibarrako saihesbidearen bigarren fasea. Horiek dira proposamenean aurreikusi dituzten bost errepide zati berriak. Bost proiektu horiek 10 kilometroko luzera eta 65.000.000 kostua izango dute denera.

Baina Lurralde Alorreko Planak, errepide berriak egiteaz gain, beste hiru atal ere badauzka: bidegurutzeen eta sarbideen berrantolaketa eta kontrola, errepideen eta plataformen hobekuntza, eta hiri saihesbideak egiteko lanak. Ezkio-Itsason, Senperen (Beasain) eta Iruran -N-1erako laugarren lotunean-, hiru bidegurutze egingo dituzte, eta 14 milioi euroko kostua izango dute lan horiek.

Foru Aldundiak errepide batzuk berritzeko proposamena ere egin du: besteak beste, Oriotik Andatza mendirako errepidea zabaltzea, Segura-Zegama artean 1. eta 2. faseak zabaltzea eta hobetzea, Tolosako hasierako zatiaren saihesbidea, eta Lazkao eta Ataungo San Martin, eta Landeta eta Urrestilla arteko errepidea zabaltzea. 10 gune ezberdinetan egingo dituzte hobekuntza eta zabaltze lanak; 17,3 kilometroko eremua konpontzeko 37,5 milioi euro baliatuko beharko dituzte. Lan horiez gain, lau saihesbide ere egingo dituzte, Zizurkil, Elgeta, Arrasate eta Donostian -Donostian saihesbidearen sarrerak hobetzeko-, eta horretarako 88 milioi euro beharko dituzte.

Proposamena udaletxeei, erakundeei eta herritarrei aurkeztu, eta 2008ko udan onartzea espero dute

Errepide berriak egin, bidegurutzeak berrantolatu, errepideak konpondu eta saihesbideak egingo dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.