Gipuzkoako Foru Aldundia 2020an bete beharreko birziklatze tasetatik gertu dagoela hausnartu du Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. Birziklatze tasa orokorra %50ko mugatik gertu dago. “Aurten ez bada, datorren urtean lortuko dugu”.
Beira eta kartoietan %70ko birziklatze tasa gainditu dutela azaldu du. Ontzietan %7,2 falta zaio Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari %70ko helburura heltzeko, eta bio-hondakinen birziklatze tasa %10 igo behar du %50era heltzeko.
Gipuzkoako gaikako bilketa %52,9 dela azaldu du Asensiok. Bereziki nabarmendu du bio-hondakinen bilketan egondako hazkundea. %10,6 igo da urte batean. 4.500 tona gehiago jaso dira. Asensiok bilketa sistema aldatu izanari egotzi dio ohri. “Hiritarrentzat erosoagoa den sistema jarrita pauso oso garrantzitsua eman da”.
Datu horiek “hobetuko” direla hausnartu du Asensiok, behin Zubietako azpiegitura martxan jartzen dutenean. Urte bat barru gertatuko dela gaineratu du, gutxi gorabehera. “Hiritarrek egiten duten ahalegina saritu behar dugu hondakinen kudeaketa ona eginez”.
Zubietako lanak amaitu arte, “urte eta erdiz”, zabortegi baten beharra dagoela gaineratu du Asensiok. 100.000 tona Mutiloara (Gipuzkoa) bidaltzen ari da Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa, eta beste 60.000 tona botatzeko lekua izateko tramiteak hasi ditu berriki. Mallabiko (Bizkaia) enpresa bat baino ez da aurkeztu. Tramiteak aurrera doazela azaldu du diputatuak, eta “azkar” argituko dela gaineratu du. “Prozesu nahiko azkarra eta erraza da; baldintzak betetzen ez baditu beste prozesu bat hasiko genuke, baina ez gaude horretan”.