abeltzaintza

Gipuzkoako Diputazioak dio "beste bide guztiak agortu ondoren" agindu zuela ahuntzen uxaldia Azkoitian

EHNE eta ENBA sindikatuek azaldu dute ahuntzak kontrolpean zeudela, eta azalpenak eskatu dizkiote aldundiari.

2014ko irailaren 5a
19:00
Entzun

Abuztuaren 26an "uxaldi kontrolatu bat" egin zuten Gipuzkoako Diputazioko basozainek Azkoitiko mendietan, "legezko prozedura guztiak jarraituta". Aldundiaren arabera, "arazoak sortzen zituen" ahuntz talde baten jarraipena egin zuen lehenik, eta uxaldia ondoren —zortzi ahuntz hil zituzten, "identifikaziorik gabeak"—. 

Diputazioaren arabera, "kontrolatu gabeko ahuntz horiek kinka larrian jarri dute haritz eta arte berriekin egindako 20 hektareako landaketa bat". Gaineratu duenez, "mendi publiko eta pribatuetan kalteak eragiten ari ziren". Hori horrela, neurri horrekin "arauak betetzen dituzten baserritar eta basoen jabeak" babestu nahi izan ditu.

Udalean jasotako hainbat kexa izan dira iturburua. Aldundiak dio udaletik bertatik ahuntzen jabeei jakinarazi zizkietela kexuak, eta eskatu zitzaiela neurriak hartzeko. Horiek, ordea, "ez dute ezer egin".  

Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak nekazaritza sindikatuen "ardura falta" salatu du, "araua betetzen ez duten baserritarren alde" egiten dutelako. Gipuzkoako EHNE eta ENBA sindikatuek, berriz, argitu dute "kontrolpean eta beren jabearen lurretan" zeudela ahuntzak —horien arabera bederatzi ahuntz hil zituzten basozainek, eta beste bi zauritu—.

Gainera, jakinarazi dute gertatutakoaren berri izan ondoren harremanetan jarri zirela diputazioarekin, egoera argitzeko, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso. Horregatik, berehalako bilera bat eskatu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.