41 urteko gizonezko bat eta adin bereko emakumezko bat atxilotu zituen atzo arratsaldean Donostiako Udaltzaingoak Diputazioko egoitzatik Espainiako banderaren salaketa plaka kentzea leporatuta. Gipuzkoako Diputazioko iturriek agertu dutenez, atzo arratsaldeko lau eta erdiak inguruan bideokameren bidez zaindariak ohartu ziren bi lagun plaka kendu nahian zebiltzala. Zehazki, gizonezko batek ehun edo plastiko batekin estali zuela plaka, eta hari tira eginda paretetik kendu zuela.
Berehala Udaltzaingoari eman zioten gertatutakoaren berri, eta Gipuzkoako plazan bertan -han dago Diputazioaren egoitza- gerarazi zituzten susmagarri biak. Paretetik kendutako plaka eurekin zeramaten eta atxilotu egin zituzten. Galdekatu ondoren, libre utzi zituzten lapurreta leporatuta. Atxilotu biak Madrilgoak dira.
Diputazioak iragarri du salaketa jarriko duela eta lehenbailehen jarriko duela berriro ere plaka. Iragan otsailaren 27an jarri zuten Diputazioko buruek plaka hori, Espainiako Auzitegi Gorenak herrialde horretako bandera jartzera derrigortu ondoren. Hain zuzen ere, Espainiako bandera "inposatutako ikurra" dela salatzen du plakak.
Politika
Gipuzkoako Diputaziotik Espainiako banderaren salaketa plaka kentzeagatik atxilotu dituzte bi lagun
Gizon bat eta emakume bat atzeman ditu Donostiako Udaltzaingoak, plaka eurekin zutela. Madrildarrak dira biak eta libre geratu dira karguekin. Plaka horren bidez Espainiak bandera jarri behar izana "inposaketa" dela salatu zuen Gipuzkoako Diputazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu