Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako EAJren artean desadostasunak agertu dira Pasaiako kanpo portuaren inguruan. Aurreko astean Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak elkarrizketa batean esan zuen egitasmo haren kontra dagoela, eta halako "proiektu faraonikoak" alboratu egin behar direla. Gaur arratsaldean, aldiz, Gipuzkoako EAJk ohar batean adierazi du Pasaiako kanpo portua estrategikoa dela eta lehentasuna daukala.
"Ez naiz inoiz alde egon", zioen Oregik, eta azaldu zuen "barruko portua berritzea eta zaintzea eta han bizi direnen bizitza hobetzea" izango duela xede. Gainera, aipatu zuen Bilboko portua itsasoz 50 kilometrora dagoela Pasaiakotik eta bien arteko elkarlana topatzea izango dela onena.
Gipuzkoako EAJren oharrak dio "gure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko eta Gipuzkoaren lehiakortasun baldintzak sendotzeko, lehen mailako erronka" dela, kasu, Pasaiako kanpo portuaren egitasmoa. Ondorioz, "funtsezkotzat" jo du aurrera eramatea. "Horri uko egitea Gipuzkoa lehiakor, moderno eta jasangarriari uko egitea litzateke".
Haren arabera, badiaren biziberritzea "Pasaialdea osorik garatzeari buruz, gaur egungo eta etorkizuneko jarduera ekonomikoa kanpoko portura lekualdatzeak ekarriko du".
Aurreko legealdian Gipuzkoako EAJ, Aldundian zela, udal eta foru hauteskundeetarako hilabete falta zela beste erakunde batzuekin Madrilera joan zen kanpo kaia egiteko "ezin itzulizko" itun bat sinatzera.