Gipuzkoako Foru Aldundia (EAJ-PSE) "inboluzio politiko kezkagarrian" sartu dela iritzita, herrialdeko EH Bilduk 81 ekinbide aurkeztu ditu Batzar Nagusietan. Foru diputatuek agerraldiak egin ditzatela eskatu du, eta Markel Olano ahaldun nagusiaren gobernuari esan dio errespeta ditzala "instituzio publikoen laizismoa, berdintasun politikak eta herrien erabakitzeko eskubidea".
Xabier Olano EH Bilduko batzarkideak azaldu du aurreko foru gobernuak (Bildu) "justizia sozialean, berdintasunean eta interes orokorrean oinarritutako politika publikoak" egin zituela. Orain, aldiz, EAJ-PSE itunagatik Gipuzkoa atzera berriz ere "eredu neoliberal, kontserbadore eta eskuindar bat" jarraitzen ari da, EH Bilduren ustean.
Etxegabetzeen arloan Ahal Dugu-rekin batera ekinbide bat aurkeztu du koalizioak.