Euskaldunon Egunkaria-ko auzi ekonomikoak ez du herri akusaziorik, Gipuzkoako Epaitegiak auzitik behin betiko kanpo utzi duelako Dignidad y Justicia elkartea. Auzitegiaren arrazoia, autoan dioenez: Dignidad y Justiciak, bere estatutuen arabera, "terrorismoarekin" lotutako delituen kasuan soilik aritzeko helburua du eta Egunkaria-ko auzi ekonomikoak, kazetako itxierako absoluzio epaiaren ondoren, ez du "terrorismoarekin" zerikusirik. Ondorioz, elkarteak "ez du zilegitasunik" auzian parte hartzeko.
Orain ikusi egin beharko da aipatutako auzitegiko fiskalak aurrera jotzen duen eta epaiketa egingo den. Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko maiatzean, bi hilabete lehenagoko absoluzio epai haren ondotik, Gipuzkoako Epaitegiaren esku utzi zuen gaia. Hain justu, Jose Maria Vazquez Honrubia epaileak ebatzi zuen auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra iruzur fiskala litzatekeela —'ohiko delitua'— eta, hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskuduntza, Gipuzkoakoaren esku utzi zuen auzia.
Ondorioz, auzia hutsetik hasi zuten, eta Gipuzkoako Epaitegiko fiskalak eta aretoak, defentsaren eskaerari erantzunez, auzitik kanpoan utzi zuten Dignidad y Justicia urte honen hasiera aldera. Dignidad y Justiciak apelazio helegitea sartu zuen, eta orain auzitegiak behin betiko laga du at.
2003tik dator
Juan del Omo Auzitegi Nazionaleko epaile instruktoreak Egunkaria-ren kontra agindutako operaziotik eratorritakoa da atal ekonomikoa. Guardia Zibilaren bigarren operazio hori 2003ko urriaren 16an izan zen, kazetaren itxieratik zortzi hilabetera. Egunkaria-ren proiektuarekin eta Martin Ugalde kultur parkearekin lotutako zortzi lagun atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Amando Hernandez eta Angel Diez. Bost egunez inkomunikatuta izan ondoren aske gelditu ziren denak, gehienak bermea ordainduta.
Urte batzuk beranduago Del Olmok inputatu batzuk auzitik kanpo utzi zituen, baina berriak inputatu zituen. Azkenean, zortzi lagun jarri zituen epaiketaren bidean: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Gaia Auzitegi Nazionalean zegoenean, haien kontra 13 urtetik 26ra bitarteko kartzela zigor eskaerak egin zituen Dignidad y Justizia elkarteak, eta isun ekonomiko handiak ere eskatu zituen.
Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua du Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin. Txosten hori aztertuta, auzipetuei BEZaren iruzurra leporatzeko arrazoirik ez dagoela ondorioztatu zuen bere garaian Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Jaurlaritza ere txosten bat egitekoa da.