Lodosako Ibaialde ikastola egoera ekonomiko zailean da foru administrazioaren oztopoengatik eta, egoera horri buelta ematen laguntzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako ikastoletan ikasle diren haur bakoitzeko euro bat eskainiko dio hari, elkartasun keinu moduan. Guztira 24.000 euro bideratuko ditu.
Martin Garitano ahaldun nagusiak arazo ekonomiko larriari "irteera duina" emateko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Haren ustez, Nafarroako exekutiboaren ardura da hori.
"Egiturazko arazoek" eraman dute Lodosako ikastola egoera ekonomiko horretara, gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez. "Espainiak eta Frantziak traba politikoak, juridikoak, ideologikoak, kulturalak eta soziolinguistikoak jartzen dituzte euskaraz normaltasunez bizitzeko".
Ikastolako langileek lau hilabete daramatzate soldata kobratu gabe. Bederatzi irakasle eta idazkaria daude lantaldean.
25. urte bete ditu Ibaialdek, eta datorren igandean elkartasun festa egingo dute Sartagudan. Diru bilketarako kontu korronte bat jarri dute, nahi duenak ekarpena egin dezan: 3035 0153 46 1531026051.
53 familiak osatzen dute eskola, eta eskualde osoko 73 ikasle dituzte.