Euskarari bideratutako diru saila bera izango da datorren urtean, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskara zuzendariak jakinarazi duenez. 2013ko aurrekontuetan 3,3 milioi euroko diru saila izango du zuzendaritza horrek "hizkuntza normaltzeko proiektuak diruz laguntzeko".
Zenbait aldaketa iragarri ditu Etxeburuak. “Aldundiak lehentasun berriak ezarriko ditu euskarari dagokionez, ildo jakin batzuk bultzatuko baititugu. Kontuan izan beharra dago, halaber, baliabideak mugatuak direla”, adierazi du.
Euskalgintzako eragileekin lankidetza areagotu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hitzarmen bidez adostutako proiektuak, beraz, indartu egingo dira. “Diru laguntza bidez lantzen ziren ildo batzuk beste ildo batzuetatik garatuko dira aurrerantzean”, azaldu du. Udalek diru laguntza gehiago jasoko dituzte, helduak alfabetatzeko diru gehiago bideratuko da, eta euskarazko hedabideak sustatzeko ildoa indartuko du Euskarako zuzendaritzak.
Udalak, helduen euskalduntzea eta euskarazko hedabideak
Udalek baliabide ekonomiko gehiago izango dituztela iragarri du Etxeburuak, "euskararen aldeko politika publikoak abian jar ditzaten". Euskarazko hedabideak ere indartuko ditu diputazioak, aurtengo diru kopurua baino %25 gehiago bideratuta: "Sektorea berregituratzeko asmoz, baliabide gehiago eskaini nahi dizkie".
Horrez gain, hitzartutako proiektuak indartu egingo dira. Etxeburuak horietako batzuk iragarri ditu: Uema, Euskaltzaindia, Galtzagorri, Elhuyar, Mintzola, UZEI, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Aztibegia, Bai Euskarari Ziurtagiria, Soziolinguistika Klusterra, UEU, Universitas Vasconum, Kontseilua, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Topagunea, Urtxintxa Elkartea eta Jakin.
Bestalde, aldundiak aurtengo ekitaldian aparteko diru laguntza bana emango die BERRIAri eta Euskara Gizarte Erakundeen Kontseiluari, "haien egoera eta izaera estrategikoa dela eta". BERRIA egunkariak 50.000 euroko laguntza jasoko du. "Gipuzkoako Foru Aldundia prest dago, euskarazko hedabideen eginkizun estrategikoaz jabeturik, hedapen orokorreko euskarazko egunkari nagusia den BERRIAri laguntzeko", adierazi du.