Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du aurrera jarraituko duela Igeldoko desanexioaren galdeketarekin, hori egiteko Espainiaren baimena behar izatea "guztiz faltsua" delako. Argi utzi du ez duela Espainiako Gobernuaren "baimenik" behar "herriari galdetzeko". Gaineratu du, ez duela onartuko "inolako botere gehiegikeriarik" eta parte-hartze prozesuarekin jarraituko duela: "Foru gobernuan demokrazia zuzenean sinisten dugu, eta hiritarren erabakitzeko eskubidearen errespetuan".
Gipuzkoak Igeldon haren independentziaren inguruko galdeketa bat egin nahiko balu, baimena eskatu beharko lioke lehenik Espainiari, Gipuzkoako azpiordezkaritzaren bidez, gobernuaren EAEko delegazioaren arabera. Hori dioen txosten bat bidali dio Donostiako PPko udal taldeari: 7/1985 legearen 13. artikuluan oinarritu du baieztapena. Hala ere, aldundiak jakinarazi duenez, komunikabideen bidez jakin dute hori. "Autonomia Erkidegoen legediaren arabera sortu edo ezabatuko dira udalak; interesa duten udalen iritzia jakin beharko da, bai eta Autonomia Erkidegoko gobernu kontseiluaren goi mailako kontsulta erakundeena ere. Era berean, Espainiako Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio". Donostiako PPk berak eskatu zion gaiari buruzko txostena egin zezan.
Donostiako oposizioko alderdiek diote udalak Igeldoko desanexioaren gaia osoko bilkuran planteatu behar lukeela adierazi dute. PPri gaur bidalitako txostenari erreferentzia eginez, EAJko Iñaki Gurrutxagak baieztatu du "emaitza bete beharrekoa balitz soilik" eskatu beharko liokeela Gipuzkoak baimena Espainiako Gobernuari galdeketa egiteko: emaitza bete beharrekoa ez balitz, ez, eta Gurrutxagaren arabera, hori ari da Donostiako Udala planteatzen. Era batera zein bestera izan, hala ere, gaia osoko bilkuran eztabaidatzeko eskatu du.