Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur errefusatu egin du Juan Mari Jauregi ETAk hildakoaren omenezko monolitoak jasan duen erasoa. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, "jatorria bat ala beste izan indarkeriazko ekintzak" errefusatzen ditu Aldundiak. "Bildu koalizioak sorreratik agertu duen moduan" Gipuzkoako Aldundia bakearen eta demokraziaren alde jardungo du lanean "aurrerantzean ere". Gipuzkoako eragile politikoei, sindikatuei eta mugimendu sozialei elkarlanerako eta akordiorako deia egin die "indarkeriaren eta enfrentamenduaren aroari amaiera eman eta herritar denen eskubideak errespetatuak izan daitezen".
"Indarkeriazko gertakariak gerta ez daitezen lan egingo dugula hitz eman genien herritarrei eta halaxe ari gara Diputazioaren Gobernuaren ardura dugunetik. Ez dugu halakorik nahi Gipuzkoan ez eta beste inon ere", esan du Martin Garitano Bildukoa buru duen Aldundiak. "Azken hamarkadotan indarkeria egoerak eragin dituen biktima guztiei dagokie aitortza eta erreparazioa. Gauzak honela, herritarren adiskidetzeak berebiziko garrantzia izango du gatazka politikoa eta indarkeria mota oro gainditzeko bidean".
Laugarren erasoa
Ertzaintzak gaur jakinarazi duenez, ezezagun batzuek aurreko astean Juan Mari Jauregi ETAk hildakoaren omenezko monolitoa erasotu zuten. Burnikuritzeta mendian dago monolitoa (Gipuzkoa), Legorreta, Beizama eta Tolosa artean, eta erasotzen duten laugarren aldia da.
ETAk 2000. urtean hil zuen Jauregi PSOEko politikari eta Gipuzkoako gobernadore zibil ohia, eta errautsak zabaldu zituzten lekuan ipini zuten monolitoa orain dela zortzi urte. Urtero egiten diote lore eskaintza. Ertzaintzak azaldu duenez, monolitoaz gain Maite zaitugunok oroitzapenez zioen idatziaren zati bat ere hondatu dute.
Maixabel Lasa: "Ezin dira begiak itxi"
Jauregiren alargun Maixabel Lasak erasoa gaitzetsi du, eta "intolerantzia eta fanatismoa oraindik" ez direla desagertu erakusten duela azpimarratu du. "Gertatzen ari diren gauza batzuen aurrean ezin dira begiak itxi, eta hausnarketa politikoa eta morala eskatzen dute", azaldu du ohar batean.
Aldi berean, monolitoa berriro osatu eta ipintzeko asmoa agertu du Lasak. "Batzuk diote aro aldaketa baten aurrean gaudela. Horrela izatea nahi nuke, baina horrelakoak gertatzen direnean jendea ixilik ez geratzea ere nahi nuke, guztiok nahi baitugu etorkizuna baikor ikusi", gaineratu du.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak erasoa faxistatzat jo du, eta elkartasuna adierazi dio Maixabel Lasari, Jaureigiren alargunari. Aresen hitzetan horrelako erasoak ETAren biktimen kontrako "eraso larriak" dira, eta "egiten dituztenen eta babesten dituztenen ausardia falta" uzten dute agerian. Alderdi guztiei eskatu die Aresek erasoa gaitzesteko, "bereziki Bilduri".