Gipuzkoa. Saiakuntza Politikoa: Etorkizuna Eraikiz izenburuko ikastaroa egin dute Donostiako Miramar jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. 200 bat lagun elkartu dira, eta irekieran hitz egin dute Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Etorkizuna Eraikiz egitasmoak orain arte egindako bidearen garrantzia azpimarratu du Olanok, eta adierazi "sustatu duen gobernantza eredu berriak" ez duela atzera bueltarik: "Administrazio publikoaren eta gizartearen arteko lankidetzatik abiatuta oraingo eta etorkizuneko politika publikoak eraikitzeko bidea egiten ari gara. Hobetzeko tarte handia geratzen bazaigu ere, gobernantza eredu berri honek ez du atzera bueltarik Gipuzkoan".
Olanoren arabera, 20.000 herritar inguruk parte hartu dute Etorkizuna Eraikiz-en esparruan garatu diren jardueretakoren barean, eta 4.000 pertsonak zuzenean parte hartu dute esperientzia piloturen batean.
Nazioarteko hainbat adituk hartu dute parte ikastaroan; tartean, John Bryson Minnessotako Unibertsitateko Hubert H. Humphrey Harreman Publikoetako Eskolako Planifikazioko eta Gai Publikoetako katedradunak eta Karen Sanders St. Mary Unibertsitateko katedradunak.