hondakinak

Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko estrategiak 2020rako hondakin guztien %75 gaika biltzea aurreikusten du

Foru Aldundiaren estrategiak 2014an Gipuzkoako gaur egungo hiru zabortegiak ixtea, sei konpostaje planta sortzea eta Zubietan biometanizazio planta bat egitea proposatu du.

2012ko ekainaren 5a
19:46
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko estrategia aurkeztu du gaur goizean Donostian, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta horren arabera, 2016rako hondakin guztien %60 gaika biltzea aurreikusten da; 2020rako, aldiz, gaien %75. Plan horretan, zabortegiak ixtea, sei konpostatze planta sortzea eta Zubietan biometanizazio planta bat egitea aurreikusten da —azken horrek energia berriztagarria sortuko du—. "Autokonpostatzea eta konpostatze komunitarioa sustatzeaz gain, elikagaien xahuketa eragoztea" ere planaren barnean dago.

Nazioarteko bost adituk idatzi dute Gipuzkoako hondakinen plan berria. Gipuzkoako hondakinen plan berriak hondakinen kudeaketaren jerarkiaren lehen hiru puntuak ditu ardatz: gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. 

Plan nagusiaren egokitzapenaren arabera, herrialdeko hiru zabortegiak 2014ko abenduaren 31rako itxiko dituzte. Lapatx (Azpeitia), Sasieta (Beasain) eta Urteta (Zarautz) dira gaur egun Gipuzkoan martxan dauden hiri hondakinen hiru zabortegiak, San Markokoa 2008an itxi baitzuten.

200 milioi eurotik beherako inbertsioa

Laia Valenzuela Spora Serveis Ambientals aholkularitza enpresako kideak eta plana egin dutenetako batek gaurko agerraldian azaldu duenez, "beharrezkoa" da azpiegituren planteamendua aldatzea.

Valenzuelak aipatu du Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak ( PIGRUG) zioela 2008tik 2011ra hondakinen kopurua hazi egingo zela, baina behera egin duela. "Planteamendu guztia ustezko igoera horren baitan sortu zen", esan du. 

Ekonomiari dagokionean, Valenzuelak esan du errauste plantarako 400 milioi euroko inbertsioa behar dela; haien proposamenerako, berriz, 200 milioi eurotik beherakoa. 120 lanpostu sortuko dira, ikerketa zentrokoak aintzat hartu gabe.

Steiner: "Planak aldaketarako aukera ematen du"

Martin Steiner Europako Inbertsio Bankuko ebaluatzaile eta hondakinen eta uraren babesean adituak hondakinak jatorrian banatzearen garrantzia azpimarratu du, "kalitate hobeko konposta lortzen delako, eta merkeagoa delako".

"Errauste plantak proposatutako output energetiko bera lor dezakegu gure proposamenarekin", gaineratu du. Steinerren arabera, planak "aldaketarako aukera" ematen du, etorkizunean zer gertatuko den ez baitago "ziur".

Plan berriaren zergatiak azaldu ditu Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak: zabor fluxuak errealitatearekin bat ez etortzea, bilketa sisteman izan diren aldaketak, Europaren azken ebazpenak eta krisi egoerak behartutako hausnarketa.

Aurkezpena herrietan

Bihartik aurrera, hondakinen kudeaketarako estrategia hainbat herritan aurkeztuko du aldundiak. Donostian, Zarautzen, Pasaian, Tolosan eta Arrasaten egingo dituzte aurkezpenak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.