Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredutzat hartu du Europako Ingurumen komisarioak

urtzi urkizu
2013ko martxoaren 7a
17:46
Entzun

Ez bazaude Zero Zaborraren alde, zenbat zaborraren alde zaude izeneko mintegia egiten ari dira gaur Bruselan, Europako Parlamentuan. Tokian tokiko esperientzien atalean, goizean Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak, Giorgio del Ghiangaro Italiako Capannori udalerriko alkateak eta Janez Potocnik Europako Ingurumeneko komisarioak hitz egin dute. Potocnikek Gipuzkoako esperientzia "adierazgarria" eta "garrantzitsua" dela esan du, eta "ikasteko" balio dezakeela. Ingurumen komisarioaren arabera, errausketa oso urrun dago hondakin alorrean Europako Batasunak ezarritako hierarkiaren lehen lerrotik: "Errausketa ez da hondakinak kudeatzeko modurik egokiena".

Iñaki Errazkinek azaldu du Gipuzkoako aurreko ereduak errauskailu proiektua zuela ardatz. "Eredu zaharrak %70 erretzea aurreikusten zuen eta berriak kopuru hori bera berziklatzea". Hernaniko adibidea eman du Errazkinek, non hiru urtean %32 birziklatzetik %78 birziklatzera pasatu diren. Hain zuzen ere, Hernaniko alkate Luis Intxauspe eta Orendaingo alkate Gorka Egia Bruselan dira gaur, Errazkinekin eta Juan Karlos Alduntzin GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako lehendakariarekin batera.

Arratsaldean hainbat bilera egingo ditu Gipuzkoako ordezkaritzak zero zabor norabideko esperientziak trukatzeko; goizean Europako Demokraten eta Liberalen Taldeko europarlamentari Andrea Zanonirekin bildu dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.