GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak gaur gogorarazi du Gipuzkoako hondakinen kudeaketa berari dagokiola, eta salatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietako "hainbat alderdi" ez direla inor udalei esateko zein azpiegitura finantzatu behar dituzten. "Ez Batzar Nagusiek, ezta Foru Aldundiak ere, ez dute horren gaineko eskumenik", esan dute.
Ainhoa Intxaurrandieta San Markoseko Mankomunitateko lehendakariak eta Amaia Gurutzeta Urola Kostako Mankomunitateko presidenteak gaur goizean Donostian egindako agerraldian azaldu dute herritarren parte hartzearen bitartez, udal bakoitzak erabaki beharko duela zein bilketa sistema mota ezarriko den.
Horrekin batera, azaldu dute oraindik "demokraziaren oinarrizko arauak" zeintzuk diren gogorarazten jarraitu behar dutela, eta EAJri eta PSE-EEri "gehiengoaren nahia" errespetatzeko dei egin diete.
Gurutzetak salatu du oposizioak herritarrak "nahastu" nahi dituela.
EAJren proposamena
EAJko hainbat hautetsik Gipuzkoa Garbia ekimena aurkeztu dute gaur, hondakinen kudeaketan lau zutabetan oinarrituta: prebentzioan, birziklatzean, konpostatzean eta berrerabilpenean.
Atez ateko bilketa sistemari uko egiten diotela berretsi dute gaur, Donostian egindako agerraldian. Horien arabera, hondakinen prebentzioa eta birziklatzea "kontzientziaziotik eta hezkuntzatik" egin behar dira, eta ez "inposaketatik".
Hondakinen bilketa edukiontzien bidez egitea defendatu dute, atez atekoa sistema "zikina eta zaharkitua" dagoelakoan. Zabortegi gehiago zabaltzea ere baztertu eta gaitzetsi egin du EAJk.
Datozen egunetan udaletan ekimenak abiatuko dituzte, herritarren parte hartzea sustatzeko.