Irakaskuntza

Gipuzkoako ikastetxe publikoetan grebaren jarraipena %70ekoa izan dela diote sindikatuek

Aldiz, Hezkuntza Sailaren arabera, %48koa izan da. EILAS, LAB, ELA eta UGTk deituta egin dute lanuztea. Euren gutxienekoak aurkeztu arren, Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartu salatu dute. Biharko Araban antolatu dute greba eta Bizkaian etziko.

2007ko maiatzaren 15a
19:11
Entzun
Gaur greba eguna izan da Gipuzkoako ikastetxe publikoetan (160 inguru daude). Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza ez unibertsitarioko mahai sektoriala berriro bildu zen atzo blokeo egoera iraultzeko asmoarekin; baina, beste behin, gehiengo sindikala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila ez ziren akordiora iritsi. Egoera horren aurrean, EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak aurreko egunetan egindako greba deialdiei eutsi zieten.

Gaurko Gipuzkoako ikastetxeetarako greba deialdia egin zuten eta, sindikatuek eman dituzten datuen arabera, lanuztearen jarraipena %70ekoa izan da. Haiek esan dutenez, lehen hezkuntzan izan du erantzun onena deialdiak. Hezkuntza Sailaren arabera, berriz, lanuztea %48koa izan da.

Greba egitearekin batera, eguerdian EILAS, LAB, ELA eta UGTko ehunen bat ordezkarik Donostian elkarretaratzea egin dute, Hezkuntza Sailaren egoitzaren atarian, Hezkuntza hobeto publikoaren alde lelopean.

Bihar, berriz, Arabako eskoletarako egin dute lanuzte deialdia eta etzi Bizkaikoetarako. Datozen egunetan akordiorik egon ezean, hilaren 24an ere greba izango da baina, kasu horretan, aipatutako hiru herrialdeetako ikastetxeetarako egingo dute greba deialdia.

Joan den ostiralean ia 13 ordutako bilera luzea egin zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta mahai sektorialeko sindikatuek. Bilera luzea izan arren, azkenean akordiorik gabe amaitu zen. Asteburua hausnarketarako hartu ostean, eguerdian ostiraleko bilerari jarraipena emateko asmoarekin bildu ziren.

EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek beren eskaeren "gutxien-gutxienekoak" jasotzen zituen idatzia eskura eman zioten Tontxu Campos Hezkuntza sailburuari. Baina Jaurlaritzak ez zituen begi onez ikusi sindikatuen proposamenak. "Guk gatazka bideratzea nahi genuen, ahal dela greba deialdiak bertan behera utzi. Horregatik prestatu dugu gutxienekoen proposamena. Baina Hezkuntza saila ez da gai izan berme horiek emateko", azaldu zuen bilera amaitu bezain laster Jon Moñux EILASeko kideak.

Gehiengo sindikala osatzen duten lau sindikatuen --ordezkaritzaren %69 dute, eta CCOOek %31-- gutxieneko eskarietan azken hilabeteetan ahoz aho ibilitako gaiak jasotzen ziren. Hala, irakasle egonkorren figurari dagokionez, egonkortasuna galdutako 1.500 irakasleei enpleguari 2011. urtera arte eustea proposatu zuten sindikatuek. Kontu horretan izan zen Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko hurbilketa bakarra, eta horixe izan zen ostiraleko bilera hainbeste luzatzearen arrazoia.

Gainerako gaietan, baina, ez zen hurbilketarik izan, ez ostiralean ez atzo. Besteak beste, lansariak hobetzeko poltsa irakasle figura guztietara zabaltzea eskatu zuten sindikatuek, eta irakasle espezialistak (musika, ingelesa, heziketa berezia...) kanpoan ez uzteko. Beren ustez, Jaurlaritzak egiten duen proposamena "diskriminatzailea" da. Halaber, 55 urte baino gehiagoko irakasleen eskola orduak murrizteko sistema eta eskola behar berrietarako irakasleria eta kreditu orduak gehitzeko eta kontsolidatzeko eskatu zuten. Hiru gi horiek ez zituen aintzat hartu Hezkuntza Sailak. "Guk ahalegin guztiak egin ditugu akordioa lortzeko, malgutasunez jokatu dugu, baina azkenean ez da posible izan adostasunera iristea", adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak.

CCOO eta Jaurlaritzaren akordioa

Atzo, 19:15ean, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta CCOOek akordio baterako abiapuntua izan daitekeenaren akta sinatu zuten. Hilabete barru edo, aurreikusten dute akordioa sinatzea. Gainerako sindikatuek hitz gogorrak izan zituzten CCOOren aurka. Jon Moñuxen arabera, ez ditu eurek zehaztutako gutxienekoak ere jasotzen. "Euskal Herriko sindikalgintzan mugarria jarri du honek. Greba zapuztu nahi dute".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.