euskal herria

Gipuzkoako ikastetxeetara ere heldu da Espainiako Defentsa Ministerioko Errekrutatze sailaren lehiaketa deialdia

Espainiako armadak "defentsa nazionalean eta nazioarteko misioetan dituzten eginkizunak babesten eta goratzen" dituen lana saritzea du helburu 'Militar espainiar bati gutuna' lehiaketarekin.

2013ko azaroaren 1a
16:49
Entzun

Nafarroako ikastetxeetara ez ezik Gipuzkoakoetara ere heldu da Espainiako Armadaren deialdia, Batxilergoko lehen eta bigarren mailako gazteek parte har dezaten. "Herritar guztien zerbitzura, bakearen, segurtasunaren eta giza eskubideen alde" militarrek egiten duten lana hobekien goraipatzen duenak iPad bat eskuratuko du. "Espainiako Konstituzioak indar armatuei ematen dizkion misioak, eta haiek zuzenbide estatu baten bitarteko tresna gisara duten garrantzia" azaldu beharko da lan horietan.

Espainiako Defentsa Ministerioko Errekrutatze saileko kudeatzaile Jose Miguel Andresen izenean iritsi da gonbitea, eta bere eskura dagoen informazioa eta materiala errazteko eskaintza egiten du.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak dagoeneko bideratu du lehiaketan parte hartzeko deialdia, eta hori salatzeko gaitzespen mozio bat aurkeztu zuten atzo Aralar-NaBaik eta Bilduk Nafarroako Parlamentuan, oso larritzat jotzen dutelako Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Espainiako Gobernuak antolatutako lehiaketan parte hartzera deitu izana.

"Hezkuntza eremuan militarismoaren baloreak bultzatzen dituen lehiaketa hau Hezkuntza Departamenduak antolatu izana oso larria da. Ez du inolako hezkuntza helbururik eta bai helburu ideologikoa; izan ere, Defentsa Ministerioak lanak aukeratuko baititu", ohartarazi dute.

Mozio horretan Nafarroako Gobernuari eskatu diote deialdi horren inguruko iragarkiak kentzea, "erabat ideologikoa" delakoan: "Ez dago bideratuta hizkuntza gaitasunak lortzeko, ezta baloreen hezkuntzan ezta elkarbizitza baketsuan ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.