Aurrekontuen eztabaida

Gipuzkoako kontuak aurrera, PSE eta PP abstenituta

Gipuzkoako Diputazioak 839 milioi euro izango ditu aurrekontuetan, aurten baino %7,22 gutxiago

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Batzar Nagusien bilkura batean. ANDONI  CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar nagusiek Diputazioaren aurrekontuak onartu dituzte, EAJ eta Hamaikabatalderdien aldeko botoekin, eta PSEren eta PPren abstentzioarekin. Gainerako taldeek (EB, Alternatiba eta Aralarrek) kontra bozkatu dute. Aurten, aldaketa nagusia PPren abstentzioa izan da, zeren eta PSErekin ez ezik Diputazioak PPrekin ere adostu baititu datorren urteko aurrekontuak. 2011ko aurrekontuak 839 milioi eurokoak izango dira, 2010ekoak baino %7,22 txikiagoak.

Aurrekontuen onarpenaren harira, Gipuzkoan «politika egiteko era» aldatu egin dela nabarmendu du Markel Olano ahaldun nagusiak. Adostasuna indartu da, Markel Olanoren ustez, enfrentamenduaren kaltetan. «Guztien artean, erantzukizunez eta lidergo partekatuaz jokatu dugu, lurraldearen erronkei aurre egiteko», adierazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Hori dela eta, batzarkide taldeei zorionak eman dizkie «ikuspegi eraikitzailea» izateagatik.

Aurrekontuen edukiari dagokionez, «elkartasunezkoak» direla nabarmendu du Markel Olano ahaldun nagusiak. Hori argudiatzeko ziurtatu du aurrekontuen %43 gizarte politiketara bideratuko dela, «inor bazterrean ez uzteko ahaleginaren adibide». Halaber, krisiaren kontrako planaren 100 miloi euroko partidari eutsi diotela gogoratu du.

Pello Gonzalez Ogasun foru diputatua ere pozik azaldu da aurrekontuen onarpenarekin. Gipuzkoako Batzar Nagusien %80aren sostenguarekin onartu direla nabarmendu du, zuzen edo zeharka bada ere. Halaber, legegintzaldi osoan ekoizpen inbertsioetara 3.000 milioi euro bideratu direla ekarri du gogora. Lau urtetan Gizarte Politikaren sailaren partida %43 igo da, Pello Gonzalez Ogasun foru diputatuaren arabera.

PSE eta PPko bozeramaileek «hobekuntzak» nabarmendu dituzte, alderdi bakoitzak negoziazioan lortutako hobekuntzak. Julio Astudillo PSE-EEko bozeramaileak jakinarazi du hauek ez direla bere alderdiak egingo lituzkeen aurrekontuak, baina «erantzukizunez» atzera ez botatzeaerabaki dutela. Donostiako Zinemaldirako eta Donostialdeko Metrorako ataletan lortutako hobekuntzak aipatu ditu Astudillok adibide gisa. PPko ordezkari Juan Carlos Canok nabarmendu du gipuzkoarrei onura ekartzen saiatu direla, «fronterik gabe eta erantzukizunez».

Gainerako taldeak oso kritiko agertu dira aurrekontuekin eta horien inguruan osatutako «blokearekin». Gipuzkoarentzat «egun tristea» izan dela adierazi dute.

Aurrekontuak onartu ondoren, zerga erreformen azken atala onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Besteak beste, %1ko kenketa bat onartu dute pentsiodunentzat eta urtero 20.000 euroko diru-sarrera gainditzen ez duten langileentzat. EAJ, Hamaikabat eta PSEk alde egin dute, PP abstenitu egin da eta gainerakoek kontra. Bizkaian, berriz, antzeko erreforma onartu dute Batzar Nagusiek, EAJren botoekin eta PSEren abstentzioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.