Gizartea

Gipuzkoako Onkologikoa Osakidetzako beste zentro bat izango da

Irabazi asmorik gabeko osasun zentro pribatuekiko lotura hitzarmena arautu du Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez. Kutxa fundazioa izango da jabea, baina Osasun Sailak zehaztuko ditu ildo estrategikoak, sare publikoak dituen ildoekin bat eginez.

Gipuzkoako Onkologikoaren irudia. JON URBE
Jon Rejado.
2018ko irailaren 4a
07:18
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2019tik aurrera izan nahi du Gipuzkoako Onkologikoa bere zentroen sarean sartuta, eta hori lortzeko tresna onartu du gaur bertan: irabazi asmorik gabeko osasun zentro pribatuekiko lotura hitzarmenaren dekretua. Horren arabera, Onkologikoa Osakidetzako beste zentro bat bihurtuko da, baina titulartasun pribatuari helduz. Tresna onartuta, hitzarmena adostu beharko dute bi aldeek.

Dekretu horretan zehaztutako harremana ez da izango zerbitzuen araberakoa. Hots, Eusko Jaurlaritzak ez du zerbitzu jakin batzuen truke ordainduko. Titulartasun publikoko zentroen antolakuntza eta funtzionamendu erregimen berarekin kudeatuko dute onkologikoa. Jon Darpon Osasun sailburuak azaldu du hitzarmenak “esfortzuak bateratzeko” balioko duela. “Baliabideak optimizatzea ahalbidetuko du, eraginkortasuna eta osasun arretaren kalitatea hobetuz”.

Dekretua onartuta, hitzarmena adostu beharko dute bi aldeek. Bertan zehaztu beharko dituzte funtzionamenduaren nondik norakoak. Hori guztia urtea amaitu aurretik adostu nahi du Darponek. Hartara, 2019an Onkologikoa Osakidetzako zentroen sarean egongo da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.