Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Iñaki Arriolak jakinarazi du alderdi sozialistak zentsura mozioa aurkeztuko duela lurraldeko Landa Garapeneko, Berrikuntzako eta Turismoko diputatua den Jon Peli Uriguenen aurka. Arriolaren esanetan, "desilusionatuta" sentitzen dira sozialistak, Gipuzkoako aurrekontu foraletan adostutako krisiaren aurkako plana ez baitu oraindik martxan jarri Uriguenek, "lau hilabete pasa arren".
Buruzagi sozialistak azaldu duenez, 2013ko Gipuzkoako aurrekontu orokorretan PSE-EEk aurkeztutako proposamena onartu zen, 7.600.000 euroko aurrekontua duen krisiaren aurkako plana. Adostu zutenetik lau hilabete pasatu arren, "planaren garapenerako dekretu bakar bat ere" ez dela aprobatu salatu du Arriolak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzuna berehalakoa izan da, eta gaitzetsi egin du PSE-EEk zentsura mozioa aurkeztu nahi izana. Ohar baten bidez, foru gobernuak gogoratu du "adostutakoa betetzen" ari dela. "Edo PSE barruan ez dute informazioa mugitzen, edo Arriolak gezurra erabiltzen du foru gobernuaren distantziamendu bat bistaratzeko", gaineratu du.
"Egun 3.582.000 euroko balioa duten hitzarmenak eta programak onartu ditugu. Hauei 1.208.000 euroko balioa duen beste hitzarmen bat batu behar zaie, zeina datorren asteartean onartzeko urrats administratiboak emanda dauden", gehitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.