Kontratazioetako hizkuntz irizpideen aurkako "erasoari" erantzuteko, Gipuzkoako hainbat udalek agerraldia egin dute gaur Donostian. Jakinarazi dute Espainiako Gobernuak 26 udal salatu dituela aurten, hizkuntz irizpideak bete ez dituztelakoan. Iaz beste 11 udalen aurka egin zuen. Tolosako eta Beizamako udalak auzitara eraman ditu, halaber.
Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak dio haren eskumena direla kontratazioak. Eusko Jaurlaritzak, ordea, kontratazioetan hizkuntz irizpideak aplikatzera derrigortzen ditu udalak eta diputazioa. "Horma baten kontra gaude. Baten arauak eta bestearen inposizioak ditugu parez pare. Harrapatuta gaude, euskarari behar duena eskaini ezinik".
Lezoko alkate Ainhoa Zabalok euskaren garapenaren aurkako "gorrotoarekin" eta "burugogorkeriarekin" amaitzeko exijitu dio Espainiari. Etxeburuaren esanetan, Espainiako Gobernuak "betikoa" du espainiera "inposatzeko" eta euskara "debekatzeko" politika. "Euskara galtzea du azken helburu. Espainieraz bizitzera behartzen gaitu eta bortxa du bide bakarra". Argi utzi du ez dutela onartuko "gutxiespen" hori, eta Europako estatu hizkuntzek elkarri aitortzen dioten "berdintasuna" gura dutela.
Laguntza eskaera Eusko Jaurlaritzari
Diputazioko euskara zuzendariak adierazi du laguntza eskatu diotela Eusko Jaurlaritzari, gaur egungoa baino marko legal "zehatzagoa" eta "eraginkorragoa" osatu ahal izateko. Euskara berreskuratzeko bidean ezinbestekoa dela uste du. Bi hilabete igaro dira babes eskaera igorri ziotenetik, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. "Eta okerragoa dena, ez du inolako iniziatibarik erakutsi Gipuzkoako erakundeek pairatzen ari garen egoerari irtenbidea eskaintzeko". Hala eta guztiz ere, Etxeburuak ziurtatu du hizkuntz irizpideetan hasitako bideari eutsiko diotela, eta "beharrezko neurriak" adostu eta ezarriko dituztela: "Gure barne antolaketaren kontra egin du gobernuak, baina gu aurrera goaz. Nahi badu epaitegietan ikusiko dugu elkar".