ZAHAR ETXEAK

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek bertze hilabete batez luzatuko dute greba

Gaur bildu dira berriz patronala eta ELA, baina sindikatuko Txomin Lasak salatu du «etxeko lanak egin gabe» joan dela bilerara patronala. Urtarrilaren 17an berriro bilduko dira. Greba «gutxienez» otsailaren 7ra arte eginen dute.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileen protesta bat, joan den irailean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 10a
15:59
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetako gatazkari konponbidea emateko bilera zuten gaur ELA sindikatuak eta patronalak, baina soluziorik bilatu ez eta greba bertze hilabete batez luzatzea erabaki du sindikatuak, gutxienez otsailaren 7ra arte. 179. greba eguna zuten gaur zahar etxeetako langileek.

Duela bi egun eskaera egin zion ELAk patronalari gaurko bilerarako: sindikatuak jarritako bi baldintzak beteko ote dituen argitu zezala. 2017. eta 2018. urteei dagozkien soldatak igotzea eta mahai sektorialean sinatutako hitzarmena enpresa bakoitzak zigilatzea dira ELAk jarritako bi baldintzak. Patronalak, ordea, ez die erantzunik eman. Txomin Lasa ELAko kideak salatu du ez dituztela «etxeko lanak egin».

Urtarrilaren 17an, bilera

Heldu den ortziralean berriz bilduko dira ELA eta patronala, eta sindikatuko kideek azaldu dutenez, patronalak erran die ordurako proposamen bat eramanen duela ELAk jarritako baldintzei buruz. «Hor ikusiko dugu ea borondatea dagoen benetan honi irtenbide bat emateko edo izango den berriro estrategia bat ezer ez egiteko», adierazi du Lasak.

Gipuzkoako Diputazioa ez dute deitu gaurko bilerara (abenduan egin zuten azkeneko bilerara deitu zuten, baina diputazioko ordezkariak ez ziren agertu). ELAk diputazioaren gainean jarri du soluziobidearen ardura, halere, eta salatu du patronalak «aurpegia zuritzen» diola aldundiari: «Diputazioak jarri behar du dirua, diputazioaren ardura da hau aurrera ateratzea eta haiengandik etorriko da gatazka honen irtenbidea».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.