Gipuzkoako Zero Zabor-ek mosaiko erraldoia egingo du ekainaren 17an, Donostian. Aire garbiak bira nazan lelopean, ekimen berria aurkeztu dute gaur. Kolorea, etorkizuna, iraunkortasuna, konpromisoa eta itxaropena elementuak islatuko dituen kolorezko haize errota erraldoia irudikatuko dute Donostian, herritarrek osatutako mosaiko batean.
"Aire garbiak bira dezan eskatzen duen haize errota koloretsua irudikatuko dugu", azaldu dute antolatzaileek. Naturak dauzkan zikloak ekonomiak ere barnera ditzala eskatuko dute, errotaren mugimendu zirkularrarekin; "Errotak haizearekin egiten duen bezala, naturan dauden baliabideak, natura kaltetu gabe erabiltzea aldarrikatuko dugu".
Ekimena gauzatzeko herritarren konpromisoa eskatu dute, eta herri guztietan lantaldeak osatuko dituztela jakinarazi dute. "Etorkizunak konpromisoa eskatzen du. Ezin dugu ikusle hutsak izan. Ezin dugu haizeak hostoak bezala, nora eramango gaituzten zain geratu", adierazi dute.