gipuzkoa

Gipuzkoakoa, "gobernu euskaldun, ezkertiar, subiranista eta abertzalea"

Donostiako Foru Jauregian aurkeztu dute Aldundiko talde berria. Garitano ahaldun nagusiak "bake eta normalizazio politikoarekin" duen konpromisoa berretsi du.

2011ko uztailaren 1a
15:41
Entzun

Donostiako Foru Jauregian egindako ekitaldian aurkeztu dute Gipuzkoako gobernu berria gaur, eguerdian. Martin Garitano ahaldun nagusiak adierazi du "gobernu euskaldun, ezkertiar, subiranista eta abertzalea" osatu dutela.

"Bake eta normalizazio politikoarekin" duen konpromisoa berretsi du Garitanok, eta esan du Gipuzkoako Aldundia prest dagoela alderdi guztiekin eta udal handi zein txikiekin lan egiteko. Garitanok adierazi du herritarren parte hartzea eta diru publikoaren kudeaketaren gardentasuna bultzatuko dituztela. Haren arabera, arreta berezia jarriko dute langabezian dauden 46.000 gipuzkoarrengan.

Gobernua 30-48 urte arteko kideez osatua dago. Talde "gaztea" dela iritzi dio ahaldun nagusiak, eta erantsi du "teknikoki oso prestatuak eta esperientzia handidunak" direla.

Gobernuko kide berriak

Ingurumena eta Lurralde Antolaketa. Juan Carlos Alduntzin —Pasaiako alkate ohia—.
Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak. Larraitz Ugarte —unibertsitateko irakaslea—.
Gizarte politikak. Ander Rodriguez —Arrasateko zinegotzi ohia—.
Gazteria, Kultura eta Kirola. Ikerne Badiola —EAko komunikazioa idazkaria—.
Ogasuna eta Finantza. Helena Franco —unibertsitateko irakaslea—.
Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoa. Jon Uriguen —Elgoibarko zinegotzi ohia—.
Foru administrazioa eta Funtzio publikoa. Garbiñe Errekondo —Usurbilgo zinegotzi ohia—.

Lehengo astean aurreratu bezala, Garitanoren kabinetearen esku geratuko dira gobernuarentzat "zeharkakoak" diren arloak: Euskara, Migrazioa, Berdintasuna eta Parte Hartzea. Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohia da kabineteko burua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.