Espainiako Poliziak 22 pertsona atxilotu ditu "informatika pirateriaren" kontrako operazio batean. Donostian egin ditu atxiloketa guztiak, hainbat enpresa, telefonotegi eta ziberkafetan. Gaur eman dute atxiloketen berri.
Gainera, Espainiako Poliziak salatu du "immigrazio irregularra" sustatzen zutela leku horiek, "zuzenean edo zeharka". Horregatik, Atzerritarren Legea urratzea leporatuta, beste sei pertsona ere atxilotu dituzte.
Atxiloketa guztien berri orain eman badute ere, Espainiako Polizia joan zen udatik ari zen kasua ikertzen. Lokal horietako askok ekipo informatikoak erabiltzeko lege eta arauak urratzen zituztelakoan hasi zuten ikerketa.
Operazioan, 25 lokal mihatu dituzte, eta berrehun informatika ekipo aztertu. "Software pirata" zuten ekipo horietako gehienek, polizien esanetan.
Zehazki, jabetza industrialaren aurkako delitu bat leporatu diete 22 atxilotuei. Erabiltzeko lizentziarik gabe, sistema operatiboak eta hainbat programa instalatuak edukitzea eta erabiltzea egotzi diete.
Poliziak azaldu du Microsoft, LPS Software & Solutions eta Faraonics enpresekin eta Gipuzkoako Gizarte Segurantzako Lan Ikuskaritzarekin elkarlanean garatu duela ikerketa.