Bilkura egin dute EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, azken biek gaur zortzi izenpetu zuten akordioa koalizioari aurkeztu eta harekin bat egin dezan. EH Bilduk, ordea, baztertu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga politikan egindako bidea "desegitea", Bizkaiko eta Arabako diputazioek "historikoki izandako jarrera faltara" egokitzea baztertuz. Halaber, koalizioak uste du itunak "soilik bi alderdi politikoen beharrak" asetzen dituela eta ez herritarrak.
Agerraldi bat egin dute Eusko Legebiltzarrean Dani Maeztu, Leire Pinedo, Oskar Matute eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideek, ordubetez PSE-EEko eta EAJko ordezkariekin batzartuta egon eta gero. Azaldu dute akordio fiskal bat "garrantzitsua" dela "politika ekonomiko eta sozialen oinarrian" dagoelako, baina erantsi dute ez dela "nahikoa". Itunak "mugatu egiten ditu egungo marko instituzionalak, egoera ekonomikoari aurre egiteko tresna gehiago izateko inolako borondaterik gabe", koalizioaren iritziz.
Halaber, uste du hitzarmenak "ontzat" ematen dituela "analisi ekonomiko okerrak"; analisi horiek "prekarietate sozialera kondenatzen" ditu langileak, EH Bilduren arabera.