Gipuzkoarrei lasai egoteko eskatu die Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak: "Gipuzkoar guztiek hizkuntza aukeratzeko duten askatasuna bermatuko du Espainiako Gobernuak". Gipuzkoako Foru Aldundiari mintzatu zaio; agerraldi publikoak euskaraz egiteko eta erakunde barruko funtzionamendua euskalduntzeko erabakiak "sektarioak" iruditu zaizkio gobernuaren ordezkariari. Erantsi du ez duela onartuko euskaragatik inor "baztertzea": "Ez dugu onartuko era horretako jokabiderik, zuzenbide estatu batean guztiz lekuz kanpo baitago".
Ez da Urkijo izan erabakiaren kontra egin duen bakarra. "Nazi" eta "taliban" batzuen portaera sumatu du erabaki horren atzean PPko lehendakarigai Antonio Basagoitik, "eta gaztelaniaz hitz egiten dutenak dira juduak". Espainiako Gobernuari abisua emango diola adierazi du, "egokituko liratekeen ekintza legalak azter ditzan". Gorka Maneiro UPDko lehendakarigaiak, berriz, "faxista" deitu dio Bilduri, hizkuntza politika "antidemokratiko eta muturrekoa" ezarri nahi duela iritzita.
EAJ, "inposizioen" aurka
Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, berriz, azaldu du ez duela inolako asmorik Gipuzkoako Diputazioaren ereduari jarraitzeko: "Ez dugu inposizioetan sinesten, euskara gure hizkuntza propioa izan arren". Ezker Batuko lehendakarigai Alba Gutierrezek, berriz, "okertzat" jo du diputazioaren erabakia; eskatu du "tolerantziatik sustatzeko euskara".
[Storify]http://storify.com/peruarena/euskara[/Storify]