Gipuzkoan jasotako organiko dena ezin dutela konpostatu salatu dute

Hernani, Usurbil eta Oiartzungo hondakin organiko guztia tratatzeko ez dira gai Lapatxen, udalen ustez

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Diputazioa ez da gai sortzen dugun organiko guztia konpost bihurtzeko, eta errua udaloi bota nahi digu». Hori uste dute Usurbil, Oiartzun eta Hernaniko udalek. Hiru herriotan atez ateko bilketa sistemaren bidez jasotzen den materia organikoa «oso kalitate onekoa» dela esan zuen hiru udalek osatutako Garbitaniako teknikari Jon Kortajarenak.

Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak gogor kritikatu zituen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak materia organikoa konpost bihurtzeko prozeduran egiten dituen «akats larriak». Alkateak honela laburbildu zuen egoera: «Ez dago materia nahasteko tresnarik, hainbat gune estalkirik gabe daude; gainera, harreran jatorri ezberdineko lehengaia pilatu eta nahasten da, atez ate eta 5. edukiontzi bidez bildutakoa».

Hala ere, kritikarik zorrotzena organikoa tratatzeko baliabide faltari egin zioten hiru udalek. Izan ere, atez atekoa jasotzen ari den tona kopuruagatik, Lapatxen «ezinean» dabiltzala adierazi zuten. Diputazioak hiru konpost planta iragarri zituen legealdi honetarako, baina bakarra dago martxan, eta beste bien arrastorik ez dagoela salatu zuen Beitialarrangoitiak. Diputazioari aitzakiarik ez jartzeko eskatu zioten, eta hiru herriotan biltzen den organikoaren kalitatea aztertzeko «interes politikoetatik kanpoko neurketa» proposatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.