Ia 1.500 etxetan egin duten inkesta baten arabera, 2012tik 2014ra puntu bat egin du behera pobreziaren ehunekoak Gipuzkoan. Hala, egun, gipuzkoarren %15 bizi dira pobre. Alta, haurren pobrezia %19an mantendu da, eta immigranteen artean ere ez da jaitsi; %55 bizi dira pobre.
Datu absolutei erreparatuta, 38.000 etxetan bizi dira pobre. Eta muturreko pobrezian, %5,4 gipuzkoar. Banakakoen etxeetan 568 euro baino gutxiago sartzen denean izaten da pobrezia muturrekoa, edota bikotean bizi diren etxeetan 1.200 euro baino gutxiago sartzen direnean.
Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu duenez, "lan baldintzen prekarizazioak" sortzen ditu pobrezia egoera horiek.