Eraikuntzako greba Gipuzkoan

Giroa bero eraikuntzako langileen protestetan

Goizeko hamarretatik eguerdira arte eraikuntza arloko ehunka langile Adegi Gipuzkoako patrolanaren egoitzaren atarian egon dira bilduta, Donostian. Gero manifestazioa egin dute, ostiralero bezala. Atzo bete zuen hilabete Gipuzkoako eraikuntzako langileak egiten ari diren grebak, eta protesten bidez negoziatzera eser dadin eskatu nahi diote patronalari. Une beroak izan dira bai Adegiren egoitzaren aurrean eta baita manifestazioan ere. Ertzaintza Adegiren egoitzaren ataria zaintzera heldu denean, oihuka hartu dituzte langileek, eta une batean, liskar txikiak ere izan dira. Manifestazioan berriz, zaborrontziak bota dituzte, eta tentsioa izan da nagusi. Sindikatuek langileak ez presionatzeko eskatu die Adegiri.

2004ko ekainaren 11
16:04
Entzun
Adegiko egoitzaren aurrean Ertzaintzarekin lehen une bero horiek izan ondoren, sektoreko lau sindikatu nagusietako ordezkariek, ELA, LAB, CCOO eta UGTkoek egoitzara sartu eta Adegiko buruekin mintzatzeko aukera izan dute.

Hamar minutu inguru iraun du elkarrizketak: sindikatuek astelehen eguerdian batzar bat egiteko gonbitea egin diote patronalari. Adegik proposamena jaso bai, baina ez du erantzunik eman.

Irten direnean eta langileei azalpenak eman dizkietenean, giroa berriro berotu egin da. Hainbat langilek proposatu dute eguerdian egitekoa duten manifestazioa bertan behera utzi eta Adegiko atarian geratzea. Baina azkenean manifestazioa egitea erabaki dute.

Manifestazioan tentsioa usaintzen zen. Ibilbidean zehar, bide baztarreko zaborrontzi guztiak bota dituzte grebalariek, eta eseri aldiak ere egin dituzte.

Bukaeran sindikatuetako ordezkariek hitza hartu dute, eta grebarekin "tinko" jarraitzeko deia egin diete langileei. Patronalari, berriz, langileak ez presionatzeko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.