Atxiloketa

Giuliano Cavaterra Batasuneko kidea aske utzi dute

Frantziako Poliziak atzo atxilotu zuen Batasuneko kidea, eta gaur arratsaldean kargurik gabe libre laga dutela baieztatu du Askatasunak. ETAren 'Zutabe' aldizkarien inguruko inkestaren barnean atzeman zuten. Atzo bertan onartu zuen Poliziak etxea miatuta ez zutela ezer aurkitu. Askatasunak salatu du torturapean egindako deklarazioetan oinarritu direla hura atxilotzeko.

2007ko abuztuaren 22a
17:55
Entzun
Askatasunak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean aske utzi du Frantziako Poliziak Giulilano Cavaterra Batasuneko nazioarteko taldeko kidea. Atzo goizeko seietan Baionan, bere etxean, atzeman zuten, eta harrezkero Baionako polizia etxean eduki dute. Zutabe aldizkarien inguruko inkestarekin lotuta atxilotu zutela azaldu zuten atzo polizia iturriek.

Atzo arratsalderako, ordea, ez dela ETArekin loturak ukaiteagatik sospetxatua eta ez zutela Zutabe aldizkariaren egitearen arduraduntzat jotzen zehaztu zuten. Iturri berek eta hainbat informazio iturrik, goizean bertan, Cavaterra ETAren Zutabe aldizkariaren arduradun gisa aurkeztu zuten. Poliziak ez zuen deus aurkitu Cavaterraren etxean, eta ez zuen Batasuneko kidea ETArekin lotzeko beste zantzurik.

Cavaterraren atxiloketa joan den urtarrileko beste atxiloketa batekin lotu zuten. Urtarrilaren 6an Sebastien Bedouret atxilotu zuten Hernanin, ustez Zutabe aldizkari batekin. Parisko Radio Pays irratiko arduraduna da, Bedouret. Joan den martxoan utzi zuten aske, bermea ordaindu ondoan. Atxiloketa denboran torturatua izan zela salatu zuen, eta tortura haietan egin deklarazioetan oinarrituz iritsi dira Cavaterrarengana.

Batasunak joan den apirilean salatu zuen Giuliano Cavaterraren izena agertzen zela Espainian, baina izen hori torturapean egin adierazpenetatik atera zela. Bedoureti Zutabe inprimatzea eta zabaltzea leporatzen zioten. Hark egin adierazpenetan atera zen Cavaterraren izena, baina justizia iturriek ez zituztela denak seriotzat jo zehaztu zuten. Orduko adierazpenak kontrastatzeko atxilotu eta galdezkatu zuten Cavaterra, atzo, iturri horien arabera.

Cavaterra goizeko seietan atxilotu zuten, Baiona Ttipian duen etxean. Etxea miatu ondoan, Baionako poliza etxera eraman eta han galdezkatu zuten.

2002an ere arazo batzuk ukan zituen Cavaterrak poliziarekin. Frantziako Poliziak Hendaian atxilotu zuen, Donostiatik zetorrela. Furgonetan fotokopiagailu bat, altzariak eta hainbat dokumentu zeuzkan. Nahiz eta Baltasar Garzon epaileak haren atxilotzea eskatu, Frantziako Poliziak aske utzi zuen.

1992an zenbait hilabeteko egonaldia egin zuen kartzelan. Agorrilaren 4ean atxilotu zuten Bordelen (Frantzia), ETAko ustezko arduradun Faustino Villanueva Herrera Txapu-rekin batera. Cavaterraren atxilotzeko agindua lau hilabete lehenago eman zuen Laurence Le Vert Parisko epaileak. Maiatzean Bretainian hogei lagun atxilotu zituzten, ETA laguntzea leporatuz. Cavaterraren izena operazio hartan atera zen. Gaizkile elkarteko kide eta ETAko kide bat laguntzeagatik epaitu zuten Parisen.

ENTZUKETAK ETA SEGIMENDUA. Polizia Cavaterraren zaintzen ari zirela ohartuak ziren ordurako. Alabaina, Giuliano Cavaterrak berak prentsaurrekoa eskaini zuen joan den apirilean, bere autoan entzuketak egiteko tresneria aurkitu zuela salatuz. Batasunak beste hainbat segimendu, gutun irekitze edo entzuketa ere bazirela salatu zuen. Cavaterraren kasuarekin batera, Baxenabarreko Batasuneko kide baten autoan segimendua egiteko tresneria aurkitu zutela jakinarazi zuten. Kide horrek bere autoa konpontzera eraman zuenean aurkitu zioten tresneria hori, garajean.

Ez zen Batasunak antzekoak salatzen zituen lehen aldia. Batasunaren nazioarteko arduradunak Bruselan zuen bulegoan ere aurkitu zuten entzuketak egiteko tresneria. Ipar Europarako arduraduna den Gorka Elejabarrietaren bulegoan, hain zuzen ere. Batasunaren negoziazio taldeko kide Unai Fanok ere segimendurako tresneria aurkitu zuen bere autoan.

Batasunaren Baionako egoitzan bertan ere aurkitu zuten entzuketak egiteko tresneria, 2005ean. Garai hartan salaketa ezarri zuten Baionako auzitegian. Poliziaren inkesta iazko urrian bukatu zen. Baina inkesta hark ez zuela deus eman jakinarazi zuen Batasunak. Polizia iturriek zehaztu zuten materialaren jatorria ezin zela atzeman. Hala ere, bi modelo desberdin zirela frogatu zuten, bat bestea baino berriagoa. Horrek Batasunari ulertzera eman zion entzuketak egiten zituztenak bi aldiz bederen sartu zirela Batasunaren egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.