Bi ikur, bat eginik. Maiz, Gazteluko plazak Iruñeko bihotza irudikatzen du, hiriaren erdigunea. Nafarroako armarria, berriz, lurraldearen beraren ikurra da, herritarren pentsamolde zein ikusmoldeen elkargunea. Gure Esku Dago-k bi sinbolo horiek gorpuztu ditu mosaiko bakar batean, erabakitzeko eskubidearen aldarria erdigunean jarri nahirik. Ehunka pertsonak hezur-haragizko armarri bat osatu dute eguerdian Gazteluko plazaren kioskoaren inguruan.
Askotariko jendea bildu da Gazteluko plazara: gazteak, familiak seme-alabekin nahiz adinekoak. Gorriz jantzita azaldu dira batzuk, eta beste askok plazan bertan erosi dituzte Gure Esku Dago-ren elastiko edota zapi gorria. Hainbat boluntariok koordinatu dituzte mosaikoa osatzeko lanak: Nafarroako armarriaren forma irudikatu dute lurrean xingola isolatzailearekin, eta horren gainean kokatu dituzte jende-ilarak, Nafarroako armarriko kateak osatu arte.
Han izan da Ion Orzaiz kazetaria:
"Nafarroako burujabetzaren ikurra irudikatu dugu. Burujabetza maite dugulako", adierazi dute mosaikoaren ostean egindako adierazpenetan. Etokizuneko ikurrarekin izanda ere, etorkizunera begira daude, eta han erabakitzeko eskubidea ikusten dute. "Erabakitzeko eskubideari heldu diogu, erabakitzeko eskubidea bultzatzea, burujabetza, elkarbizitza, demokrazia eta berdintasuna bultzatzea delako". Hala, ekainaren 10ean egingo den giza katera lotzeko deia egin dute.
Gure Esku Dago-ko ordezkari Aitor Urrutiak eta Miriam Mendikutek egin dituzte adierazpenak, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Aipatu dute, besteak beste, Euskal Herriko 203 herritan egin direla estatus politikoari buruzko galdeketak; eta guztira, 830.000 lagunek parte hartu dutela. "Erabakitzeko borondateak elkartzen gaitu. Hamaika eratara adierazten ari gara azken aldian. Erabakiaren bidean, etorkizuna nafarron esku jartzeko bidean, pauso garrantzitsuak ematen ari gara".
"Gizarte aktibo bat" islatu nahi izan dute gaur, Aritz Colio Nafarroako Gure Esku Dago-ko koordinatzailearen arabera: "Azken batean, erabakitzeko eskubidearen aldeko jardunean, herritarron protagonismoa da gako nagusietako bat".
Colioren arabera, ahalduntze prozesu kolektibo bat aurrera eramateak denbora eskatzen du, baina Nafarroako gizartea norabide horretan «aurrerapausoak» ematen ari da, eta, hori guztia adierazi nahirik, otu zitzaien armarriaren ideia. «Uste dugu badela Nafarroako gizartea batzen duen elementu bat, eta, horregatik, Iruñeko bihotzean nafarron ikur adierazgarri bat osatzea da ideia, eskuz esku, modu koloretsuan eta alaian eta erabakitzeko eskubidearen aldarria erdigunean jarriz».
Elastiko eta zapi gorriekin jantzita joateko aholkua eman dute, eta halaxe joan da jendea. Eta egin ez dutenek, bertan erosteko aukera ere izan dute. Behin armarria osatu dutenean, gainera, puxika gorriak banatu dituzte, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute, besoak gora altxatuta.
Osatu dute giza armarria. "Gora Nafarroa! Etorkizuna gure esku dago!" ari dira oihukatzen @berriapic.twitter.com/aZx8wYWA8l
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 2018(e)ko maiatzaren 19(a)