Bilboko eta Baionako manifestazioak arrakastatsutzat jo ditu Sareko kide Teresa Todak, batez ere, argi geratu delako "zabalduz" doala sakabanaketaren aurkako mugimendua. Asteburuko mobilizazioak baloratzeko egindako prentsaurrekoan Todak eta Joseba Azkarragak nabarmendu dute ez dela Euskal Herrian horrenbeste jende mugitzen duen beste aldarrikapenik, eta sakabanaketa salatzeko ekimenek biltzen duten jendearen aniztasuna azpimarratu dute. "Argi geratu da posible dela ezin ikusiak gainditzea, badela ideologiak baino gauza garrantzitsuagorik: presoen eta haien familien giza eskubideen defentsa".
Orain, baina, aurrera begira jartzeko garaia dela dierazi dute Sareko ordezkariek, eta plataformaren hurrengo ekimena izango dena iragarri dute: giza eskubideen aldeko trena. Hartu trena. Igo giza eskubideen aldeko trenera lelopean, Euskal Herriko auzo eta herriak zeharkatuko dituen "elkartasun trena" jarriko dute abian, "bagoiak atxikimenduz bete eta aldarriak Europara eramateko". Ekimenak "eguneroko dinamika, gertukoa eta parte hartzailea" izango duela ere iragarri du Sarek. Haren helburua izango da Bilbo eta Baionan agerian geratu zen "gizartearen indarra" bideratzea.
"Azken helburua litzateke Europan salatzea Espainiako Gobernuak egindako eskubide urraketa guztiak". Horretarako baliatuko dute EHUren eta zuzenbidean adituak diren hainbat pertsonaren laguntzarekin osatutako presoen eskubideari buruzko txostena.