Politika

Giza eskubideen arloan hobekuntza zehatzik ez egiteak prozesua trabatzen duela ohartarazi du Amnesty Internationalek

Eskubide horienganako errespetua prozesua bera abian jartzeko aurrebaldintza dela azpimarratu du. Espainiako esparru juridikoan giza eskubideen urraketa ahalbidetzen duten hainbat neurriri eusten zaiela iritzi dio. Besteak beste, inkomunikazioa eta sakabaneta bertan behera uzteko eskatu du, eta baita "pentsamendu, adierazpen eta elkartze" eskubideak urra ditzaketen "Alderdien Legeko anbiguotasunak" ere.

2006ko azaroaren 14a
17:47
Entzun
Konponbide prozesuari buruzko iritzia eman du AI Amnesty International erakundeak Londresen plazaratutako agiri baten bidez. Prozesuaren norabidearekin kezkatuta ageri da AI idatzi horren bidez: ETAk martxoan su-etena eman eta maiatzean Zapaterok Espainiako Kongresuan elkarrizketen abiatzearen berri eman zuenetik giza eskubideen arloan ez dela aurrerapen zehatzik egin iritzi dio; areago, giza eskubideen arloan urrats zehatzik ez egitea prozesuak aurrera egiteko traba dela uste du. "Ahalegin hau eragingarria izango bada, denentzako giza eskubideak babesteko alde guztien konpromisoan oinarritu behar da. Giza eskubideak ez dira negoziatzeko erabili behar", dio idatziak.

Ildo horretatik, giza eskubideak errespetatzea prozesua bera abian jartzeko aurrebaldintza direla azpimarratu du AIk, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketek indarrean jarraitzeak kezkatu egiten dutela. Espainiako esparru juridikoan urraketa horiek ahalbidetzen dituzten hainbat neurriri eusten zaiela erantsi du.

AIk oroitarazi du joan den uztailean giza eskubideen arloan zenbait neurri hartzeko eskatu ziola Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari, hala nola, inkomunikazioa eta sakabanaketa bertan behera uzteko, eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzten Alderdien Legeko "anbiguotasunak" ezabatzeko. Era berean, giza eskubideen kontrako ekintza oro erabat eta betirako baztertu zituela bermatzeko eskatu zion ETAri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.