Politika

Giza eskubideen arloko etsamina Espainiari

Giza eskubideen aldeko taldeek eskubide urraketei buruz egindako 24 galderei erantzungo die gaur eta bihar Espainiak, Genevan. NBEko Giza Eskubideen Batzordeak gero amaituko du Espainiari buruzko txostena.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2008ko urriaren 20a
16:36
Entzun
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordea Espainiako Estatuari buruzko txostena lantzen ari da. Espainia giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen itunak behar bezala betetzen ari ote den aztertzen. Batzorde horrek sei urtean behin egin ohi du estatu bakoitzeko egoerari buruzko txostena, baina badira hamabi urte Espainiari buruzkoa egin ez duela. Estatuak berak eman behar du prozedura abiarazteko lehen pausoa, eta sei urtez atzeratu du hori Espainiak. Edozein kasutan, martxan dago lanketa. Aste honetan giza eskubideen defentsarako taldeek beren interpretazioak aurkeztu dituzte nazioarteko aditu, gobernuz kanpoko erakunde eta estatuetako ordezkarien aurrean. Haien ustez, giza eskubideak errespetatzeko etsamina Espainiak zergatik ez duen gainditzen arrazoitu dute, eta azterketa gainditzeko zer egin behar lukeen azaldu. Espainiako ordezkariek hitza hartzeko txanda hasiko da bihar. Etsamina gainditzeko moduan dagoela defendatzeko unea.

Espainiako Estatuaren jardunei buruzko azalpen eske, 24 galdera egin dituzte NBEko batzordeko adituek, taldeen ekarpenak jaso ostean. Euskal Herritik, Giza Eskubideen Behatokiak egin ditu horietako batzuk. Gaur arratsaldez eta bihar goizez emango ditu horiei buruzko azalpenak Espainiak Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak, Genevan (Suitza).

Inkomunikazioa eta tortura

Hamabi ataletan banatuta dago enbaxadoreak erantzun beharreko galdera sorta, eta, horietako bost, euskal herritarrei urratutako eskubideei buruzkoak dira. Esate baterako, «terrorismoarekin» lotura izateaz susmagarri direnei ematen zaien tratuaz azalpenak eman ditzala eskatu diot e Giza Eskubideen batzordeko adituek Espainiako ordezkariari.

Halaber, atxilotuak inkomunikatzen jarraitzen dela-eta, Giza Eskubideen Batzordeak Espainiari inkomunikazioa ez ezartzeko gomendatu diotela gogoratu, eta zergatik mantentzen duen galdetu diote adituek. Tortura eta tratu txarrak saihesteko zein neurri hartu dituen eta tortura salaketak behar bezala ikertzen diren azaltzeko ere eskatu diote.

Atxiloaldiaren zein behin-behineko espetxealdiaren denbora murrizteko neurririk hartu duen, eta atxilotuei konfiantzako abokatua zein medikua aukeratzeko eskubidea bermatzeko neurririk hartu duen ere galdegin diote Espainiari, Giza Eskubideen Batzordeak horixe gomendatu ziola gogoratuta. Halaber, Estatuak Euskal Herrian gertatzen diren adierazpen askatasun urraketak zein neurritan justifika ditzakeen azaltzeko eskatu diote.

Espainiako enbaxadoreak galdera horiei erantzun ondoren amaituko du Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako egoerari buruzko txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.