2012ko ekainean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 107/2012 dekretua, eta horren 6. artikulutik abiatutako Balorazio Batzordeak asteon ezagutarazi ditu ordutik egindako lanaren emaitza batzuk. Jasotako 239 eskaeretatik, 187ri onartu diete biktima izaera, eta gainerakoak baztertu egin dituzte formazko arrazoiengatik. Dena den, argitu zuten emaitza horiek aurrerapen bat direla, eta urte osoan osatuko dutela txostena.
Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak ireki du giza eskubideen urraketak jasan dituzten onartu gabeko biktimei ordaina emateko proposamenari buruzko jardunaldia. 107/2012 dekretuaz gain, 1978tik 1999ra bitartean legez kontrako errepresioaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta haiei ordaina emateko legearen onespena tramitatzen ari direla nabarmendu du, eta halako lege baten beharra argudiatu du, "arrazoi etikoengatik, demokratikoengatik eta bizikidetzakoengatik": “Ezinbesteko pieza bat da bizikidetza normalizatzeko eta iraganari buruzko oroimen kritikoa eratzeko”.
Azaldu du Euskal Herrian hildakoak ez dituela soilik ETAk eragin, eta haiek, egungo legediarekin, "babesik gabe" geratu direla. "Terrorismo eta indarkeria modu desberdinek, zeinak lege honetan 'legez kontrako errepresio-jarduera' gisa definitu diren, biktima asko eragin dituzte; bereziki, 1970eko hamarkadaren bukaera aldean eta 1980koaren hasiera aldean".
Gaur emandako pausoarekin, "iluntasunari argi pixka bat" eman nahi izan diote. "Giza eskubideak xedaezinak dira. haiek urratzea bidegabekeria bat da. Ordaina ematea eta aitortzea, berriz, justizia egitea. Bidegabekeria iluntasuna da. Hemen, argi bila gabiltza".
Aitortza eta autokritika
Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du ekitaldian, eta esan banakako aitorpenaz gain globala ere izan nahi duela gaur eginikoak. "Aitorpen globala da, orobat; zuzentzen zaielako jadanik aitorturik dauden biktimei, eta oraindik aitortzeke dauden guztiei".
Urkulluren arabera, orain artean biktimei aitortza lehenengo aldiz egiteaz gain, autokritikatik ere badu gaurko ekitaldiak: "Erakundeok eta gizarteak aitortu beharra daukagu denbora gehiegi joan dela iluntasunean. Batez ere, 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan eragin ziren biktimentzat. Erakundeek kasurik egin ez zietelako, eta Justiziak ez zuelako gertakari haiek ikertzeko nahikoa egin".
Instituzioetako eta alderdi politikoetako hainbat ordezkari izan dira ekitaldian. Imanol Lasa, Josu Erkoreka, Joseba Egibar (EAJ), Nagua Alba (Podemos) eta Julen Arzuaga (EH Bildu), besteak beste.