Sare plataformak sakabanaketa salatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak aska ditzaten eskatzeko ekitaldia egin du Donostian, Kursaaletik Saguesera bitartean. Sareren iritziz, herritarren mobilizazioa behar beharrezkoa da egoera irauli eta konponbidea emateko: "Sare handi bat ehundu behar dugu giza eskubideen urraketa eta gehiegikeria horiek guztiak indargabetzeko. Argi dugu, giza eskubideak konponbidearen oinarrizko zutabe direla, eta biak, eskubideak eta konponbidea, benetako bakearen osagai nagusiak. Bakea lortzeko bidean, guztiok elkarrekin, lehenengo, gaixo dauden presoak berehala kaleratzea lortu behar dugu, egunero pairatzen dituzten arau urraketa, istorio beltz eta latz horiei, amaiera ona eta zoriontsua emateko”.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen aretoa bilera egitekoa zen ostiralean, hain zuzen, hamabi euskal presok aurkezturiko helegiteak aztertzeko, preso horiek Euskal Herriratzeko eskaera Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegiak atzera bota ondoren. Hala ere, Auzitegi Nazionalak ez du oraindik bilera horren emaitzaren berririk plazaratu. Pentsatzekoa da datozen egunetan jakinaraziko duela auzi horren inguruan zein erabaki hartzen duen.
APAVT biktimen aldeko elkarteak debekatzeko eskaria egin bazuen ere, azkenean ekitaldia egin ahal izan dute antolatzaileek, baina Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren begiradapean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi indar polizialei agindu baitie ekitaldia zelatatzeko "terrorismoaren gorazarrerik" egon ez dadin. Auzitegi Nazionaleko epaile Juan Pablo Gonzalezek ebatzi du presoen alde egindako edozein ekitaldik "berez preso horien zelanbaiteko aintzatespena" dakarrela, baina hori ez dela nahikoa ekitaldia debekatzeko, deialdian ez baitu "terrorismoa goratzeko asmo agerikorik" ikusi.
Hala ere, epaileak Guardia Zibilari eta Ertzaintzari eskatu die ekitaldia zelatatzeko, han "terrorismoa goratzen edo biktimak umiliatzen" dituen adierazpenik egiten ote den jakiteko, eta, hala balitz, adierazpen horien egileak identifikatzeko.