Zinema munduko jendeak bultzatuta eta Gure Esku Dagoren babesarekin, giza katea osatu dute hainbat lagunek Donostian, Zinemaldia aitzaki. Kursaalaren inguruetan egin dute, erabakitzeko eskubidearen alde; ikurrinak nonahi ikusi dira.
Bultzatzaileak, besteak beste, Itziar Ituño aktorea, Klara Badiola aktorea, Ane Gabarain aktorea, Eneko Olasagasti gidoilari eta zuzendaria, Juanba Berasategi ekoizle eta zuzendaria, Iñaki Gomez ekoizlea eta Ramon Agirre aktorea izan dira.
Zorionak zinemaldiko giza katea posible egin duzuen guztioi! Pelikula ederra hasi eta erabakitzean amaituko dugu! pic.twitter.com/TWjzg2pXdO
— Gure Esku Dago Gros (@GureEskuGros) September 27, 2014
Lehenago, hainbat aktore Kursaal kanpoaldean jarritako eszenatokira igo dira, eta adierazpen bat irakurri dute euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Eskoziaren adibidea ekarri dute gogora, eta Euskal Herrian ariketa bera egitea aldarrikatu dute: "Hemen ere nahi dugu", esan dute.
Euskal Herrian zer gertatuko den ikusteko dagoela adierazi dute; "baina badakigu gure esku dagoela", berretsi dute. "Pelikula hau nola bukatu den erabakitzea gure esku dago. Gidoia denon artean idatzi nahi dugu".