Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak "arduragabekeria" leporatu dio Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika sailburuari gizarte larrialdietarako laguntzak kudeatzerako orduan. Behar horietara bideratutako partida "izoztuta" egon da azken urteetan, eta nabarmendu du 17 milioi euro ez direla nahikoak egungo beharrei aurre egiteko. Arrondok gogorarazi du krisi ekonomikoaren ondorioz beharrak handitu direla. Ordea, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak dirua "izan baduela", baina gizarte laguntzei zuzendu beharrean "porlanara" bideratzea lehenetsi duela.
Horren harira, Arrondok iragarri du legez besteko proposamena aurkeztuko duela gizarte larrialdietarako laguntzak direla-eta. 17 milioi euroko partida bukatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak behar horiek asetzeko behar beste diru bideratzeko eskatuko du EH Bilduk ikasturteko lehen osoko bilkuran. Halaber, 2014ko aurrekontuetarako partida egokia zehazteko eskatuko du ere; Eudelek 34 milioi euro inguru beharko zirela jakinarazi zuela azaldu du Arrondok.
Zenbait udalerrik gizarte larrialdietarako laguntzei erantzuteko ardura hartu dutela gogorarazi du, Donostiakoa edota Gasteizkoa kasu —azken horrek atzo iluntzean jakinarazi zuen—. Erabaki horiek txalotu ditu Arrondok, baina gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela laguntza horietarako behar den dirua bideratzea.