Iñigo Allik gaur goizean hartu du Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilari kargua. Ekitaldian, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Alliren "konpromisoa" eskertu du, gaur egungo garai hauek "ez baitira errazak".
Jesus Pejenaute Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilariak dimisioa eman zuen joan den igandean, Kontuz elkarteak salatu eta gero 180.000 euro zuritu zituela. Atzo Diario de Navarra egunkariak argitaratu zuenez, herenegun jakinarazi zion Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Alliri bera izendatzea erabaki zuela Pejenauteren ordezko, eta onartu egin zuen Allik.
39 urte ditu Allik, eta Iruñekoa da. Haren lan ibilbidea Nafarroako Kutxari lotuta egon da. Urte eta erdi eskasean alor horretako departamentua hartuko duen hirugarren kontseilaria izango da Alli. PSNko Elena Torres izan zen kontseilaria legealdi hasieran, baina kargua utzi zuen PSN gobernutik irten zenean. Pejenaute izan zen hurrena, eta lau hilabete egin ditu lanbide horretan.