eskumenak

Gizarte Segurantza eta espetxe eskumena eskualdatzeko lantaldea eskatu dio Erkorekak Sanchezi

Jaurlaritzako bozeramaileren ustez, martxan jarri behar da, "atzerapenik gabe", Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa egingo duen lantaldea.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Gasteizen. DAVID AGUILAR/ EFE
2018ko abuztuaren 21a
07:21
Entzun

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako Gobernuari eskatu dio "atzerapenik gabe" lantalde bat sor dezala, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko. Esan du espetxe eskumena ez eskualdatzeko arrazoirik ez dagoela eta Eusko Jaurlaritzak ez duela onartuko transferentzia horiek egiteko "erresistentzia arbitrarioa" egotea. Gaineratu du "lehentasunezko" gaiak direla Iñigo Urkulluren taldearentzat.

Erkorekak adierazi du bi administrazioen artean hasi direla elkarrizketak eta PSOEren gobernuak badakiela "premiazko" gaiak zeintzuk diren: espetxe politikaren eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren transferentzia. EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu itunean horrela adostu zela esan du Erkorekak, eta Eusko Jaurlaritzak "mahai gainean" jarri dituela gaiak, baina ez duela erantzunik jaso: "Momentuz, ez dugu ez aldeko eta ez kontrako erantzun sendorik jaso".

Gizarte Segurantzaren alorrean "arazo teknikoak" egon daitezkela azaldu du Erkorekak, baina espetxe  transferentziarekin ezetz; batetik, Gernikako estatutuan jasota dagoelako eta, bestetik, Katalunian eskumen hori Generalitatearen esku  delako. Azaldu du, ETAren desegitearekin, "erresistentzia justifikatu zezakeen arrazoi politikoa" desagertu dela eta Gernikako estatutua bete behar dela. "Egun, alde juridikoa exijitu dezakegu, etorkizunera begira egin daitezkeen planteamenduak beste kontu batzuk dira, eskatzen duguna estatutua betetzeko da", adierazi du Erkorekak. Eta esan du aldaketa horiek "baikorrak" izango direla "Euskadiko elkarbizitza politikorako" ere.

Bestalde, urte politiko berria datorren asteartean hasiko du gobernu kontseiluak Donostiako Miramar jauregian egingo duen bilkuran. Eta irailaren 20an izango da politiko orokorreko saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.