ESKUMENAK

Gizarte Segurantzaren kudeaketa osoa eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Jatorrian PPk planteatutako mozio bati egindako zuzenketa onartu dute EH Bilduk eta EAJk.

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudian. DAVID AGUILAR / EFE
2016ko martxoaren 3a
13:14
Entzun

Instituzio autonomikoek Gizarte Segurantzaren sistema bat "ahalik eta azkarren" gara, gauza eta kudea dezaten eskatu du Eusko Legebiltzarrak, babes sozial publikorako sistema mantentzeko "ezinbestekoa" dela iritzita. PPk mozio bat aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzak negoziazioa has dezan Espainiako Gobernuarekin Gizarte Segurantzaren giza baliabideak eta baliabide materialak eskualdatzeko. EH Bilduk eta EAJk zuzenketa bat adostu eta aurkeztu zuten, eta hori da gaurkoan onartu dutena. Ez du gainontzeko alderdien aldeko botorik jaso.

Zuzenketan zehaztu dutenez, Espainiako Gobernuak ez dio Gizarte Segurantzaren eskumena Jaurlaritzari pasatu Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren zenbait sententziaren "irakurketa estu eta zekena" egin duelako. Horregatik, Espainiako Gobernuari dei egin diote Eusko Jaurlaritzak gizarte segurantza bere gain hartzeko itunak finkatzera: "Gutxienez, eskubidearen aitortza, gizarte segurantzaren kuotak biltzeko eta dirulaguntzak banatzeko gaitasuna, enpresari eta langileen alta eta bajak erabakitzeko gaitasuna eta sistema zaindu eta mantentzeko gaitasuna [izan behar luke Eusko Jaurlaritzak]".

PPko legebiltzarkide Antton Danboreneak esan du EAJk kanpaina egiten duela "estatutua betearazi" nahi duela esanez, baina benetan eskatzen dutena Gizarte Segurantzaren "kutxa bakarra haustea" dela.

EAJko Josune Gorospek "demagogia hutsa" egitea leporatu die popularrei, eta esan Espainiako Gobernuak ez duela urratsik egin eskumenen negoziazioetan aurrera egiteko. "[Espainiako Gobernuak] ez du eskumen hori transferitu nahi Euskadin geratzen zaion azken gotorlekua delako".

EH Bilduko legebiltzarkide Eva Blancok adierazi du koalizioak "ahal duen guztia" egingo duela esparru propio bat lortzeko, "hasieratik bukaerara" kudeatua izango dena.

Gloria Sanchez sozialistak, berriz, esan du PSE PPren eta EAJren artean dagoela: "PP sistema publikoaren defendatzaile sutsu agertzen da pentsioei sartutako labankadaren ostean, eta EAJk eskumena eskatzen du, baina bere erara, sistema propio bat izan nahi baitu". Sanchezek gaineratu duenez, sozialistek ez dute "bideratu ezinezkoa den" planteamendurik onartuko.

UPDko Gorka Maneiroren ustez, eskumena Eusko Jaurlaritzarena izateak ez luke "aldaketa nabarmenik" izango euskal jendartearentzat, eta eskumena ez transferitzearen alde azaldu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.