Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku uztea aldarrikatu du gaur EAJk Eusko Legebiltzarrean. Gainera, luze gabe beste gizarte laguntza batzuk kudeatzeko sistema propioa ere eratu nahi luke, etorkizunean sistema hori Hego Euskal Herrirako bateratua izateko bokazioarekin.
Gizarte Segurantza Jaurlaritzaren esku gelditzea "erabat bideragarria" dela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta gogora ekarri du Gernikako Estatutuan jasota dagoela. Jaurlaritzak eskumen horri ez diola uko egingo ohartarazi du, eta, horregatik, Espainiako Gobernuaren osaketarako EAJrekin bildu nahi duenari aurkeztuko dien "Euskal Agendan" gai hori ere egongo dela esan du.