Gipuzkoako zahar etxeetan leku berezia egingo diete aitona-amonei udako hilabeteetan. Hala, etxekoen nekea, konpromisoak edo oporrak direla-eta etxean egon ezin diren adinekoek erresidentzietara joateko modua izango dute. Besteren beharrean aurkitzen diren adinekoentzako zerbitzua da, propio haientzat atondua, era horretan haien zaintzaileen nekea arintzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du.
Izena eman nahi dutenentzat epea ireki dute dagoeneko. Egonaldia uztailean izango bada, maiatzaren 15a baino lehen eman behar da izena, eta abuzturako bada, berriz, ekainaren 15a baino lehen.
Esther Larrañaga Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Gaietako diputatuak eman zituen atzo ekimenaren nondik norakoak. Programa honi esker, normalean etxeko zaharrak zaintzen dituzten familietako zaintzaileek «atseden» hartu ahal izaten dutela esan zuen, eta «indarberritu» egiten direla berriro ere beren egitekoari behar adinako kemenarekin heltzeko.
1990. urtetik martxan dago
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1990. urtean jarri zuen martxan programa hau. Aurten 143 adinekorentzako lekua eskainiko du, eta 778.834 euro erabiliko ditu horretarako. «Familiek zein zahar etxe nahi duten aukeratu ahal izango dute», azaldu zuen atzo Esther Larrañagak.
Zerbitzua pertsona bakoitzak bere egoera ekonomikoaren arabera ordaintzen du. Eguneko 14 euro ordaintzen dute gutxien kobratzen dutenek, eta 22 gainerakoek. Zerbitzua jasotzen duten pertsonek 60 urtetik gorakoak izan behar dute.
Programa hau urteko beste edozein unetan ere izaten da familien eskura, baina, batez ere, udan izaten dira eskari gehienak, eta, horregatik, propio deialdi berezia egi-ten da udarako. Eskariak, normalean, udaletxeetako Gizarte Zerbitzuetan egiten dira.
GIZARTE ZERBITZUAK. Gipuzkoako zahar etxeetan udan leku berezia egingo diete adinekoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu