Gizartea «xenofoboa» dela uste dute etorkinen %71k

«EAEk erakargarri izateari utzi» diola dio Nuevo Ciudadano elkarteak egindako galdeketak

Maite Asensio Lozano.
2007ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren etorkinak ez dira, oro har, integratuta eta baloratuta sentitzen. Nuevo Ciudadano etorkinen eskubideen alde egiteko plataformak burututako azterlan baten emaitzek diotenez, gizartea «arrazista eta xenofoboa» dela uste dute etorkinen %71k.

Gizarteak etorkinen gaineko pertzepzio ona duela uste dute%53ak, baina bere jatorrizko herrialdean «hobeto tratatzen» zutela sentitzen dute %81ak. Halaber, %82ak dio ez dela sentitzen gizartean integratuta. Xenofobiari edo arrazismoari egozten dio %23ak hori, eta arbuioa informazio faltatik datorrela uste dute %46ak; %8aren aburuz, berriz, etorkinek bertakoei lana kentzen dietelako usteak eragiten du bazterketa, eta %11ren iritziz, etorkinak integratzen ez direlako usteak.

Era berean, Eusko Jaurlaritzarekiko kritiko agertu dira etorkin asko, euren gizarteratzea errazteko neurririk hartzen ez duelako. Eusko Jaurlaritza ez duela «ezer» laguntzen uste dute %14ak, «oso gutxi» laguntzen ari dela %20ak, eta «pixka bat» laguntzen ari dela %38ak. Integrazioa bideratzeko, etorkinen parte-hartzea bultzatu beharko luke Jaurlaritzak batik bat, %56aren iritziz. Izan ere, etorkinen %87ak bertan bozkatzeko eskubidea eduki nahi du.



ETORKIZUNA URRUN. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin du galdeketa Nuevo Ciudadanok. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban bizi diren 98.000 etorkin ingururen artean, 26 herrialdetatik heldutako 1.000 laguneko lagina hartu du, eta harrera egin dien gizarteari buruzko iritzia eskatu die. Parte-hartzaileek gutxienez urtebete daramate Euskal Herrian; batez beste hiru urte eta hiru hilabete daramatzate bertan inkesta erantzun dutenek. Heldu zenetik bizi kalitatea hobetu dela diote %68ak, baina etorkizuna Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo ikusten du %70ak.

Izan ere, etorkin gehienek ez dute uste lana aldatu edo mailaz igo ahal izango dutenik, eta horrek «frustrazioa» eragiten du eurengan, Nuevo Ciudadano elkarteko idazkari Juan Carlos Perezek azaldu bezala. Azterlanean parte hartu duten etorkinen %92 lanean ari da, baina, oro har, «kualifikaziorik eskatzen ez duten lanbideetara baztertuta» daudela salatu zuen atzo Neisser Trujillo plataformako presidenteak: «Ez dago aniztasunik, eta bertako langileak baino baldintza prekarioagoetan egiten dute lan etorkinek».

Alderdi sozioekonomikoen ondorioz, «Euskal Autonomia Erkidegoak erakargarri izateari utzi» diola adierazi zuen Trujillok. Izan ere, etxebizitzak «garestiegiak» dira eta alokatzeko «erraztasun gutxi» dagoela azpimarratu zuen. Era berean, etorkinen parte-hartzea bultzatzeko biderik ez dagoela nabarmendu zuen. Ildo horretatik, Euskal Herriaren egoera politikoak eragin handia duela adierazi zuen Trujillok: «Mugimendu abertzale edo separatista dagoenean, etorkinen parte-hartzea baxuagoa da, politikan eta gizartean ez integratzeko beldur direlako».



EUSKARA IKASTEKO TRESNA GUTXI. Etorkinen %76ari euskarak ez die eragozpenik ekarri komunikatzeko edo lana aurkitzeko. Kualifikazioa eskatzen duten lanak helburu izan dituzte baietz esan dutenek, baina euskara beharrezkoa zutela eta, ez dituzte horietan onartu. Hain zuzen ere, etorkinek euskaraz ikas dezaten «tresna gutxi» dagoela nabarmendu zuen Trujillok. Izan ere, inkestan parte hartu dutenen %48ak euskara ikasi nahi duela adierazi du.

Diskriminazioari buruz ere galdetu diete etorkinei. %57ak ez du inoiz lanean arazorik izan etorkina izateagatik. Hala ere, «hedabideetan agertu ez diren eraso arrazistak eta salaketak» badaudela nabarmendu zuen Trujillok.





############



Etorkinen %70ak EAEtik urrun ikusten du bere etorkizuna, lana aldatu edo mailaz igo ezin duelako

Etorkinen parte-hartzea bultzatzeko biderik ez dagoela esan dute inkestan parte hartu dutenek





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.