Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztu dute ofizialki Aralar-EB koalizioa. Bi alderdietako zuzendaritzako kide eta kargu publikoez gain, militante eta jarraitzaileek parte hartu dute ekitaldian. Aralarreko iturrien arabera, "arrakastatsua eta jendetsua" izan da ekitaldia. Xabier Euskitze telebistako aurkezle ezagunak gidatu du ekitaldia, eta Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusia eta Jon Abril Aralarreko koordintzaileordea izan dira hizlari.
Gizarteak "desberdinen arteko akordioak" nahi dituela oinarri hartuta, beren asmoa ezkerreko proposamen eta ikuspegiak bultzatzea dela nabarmendu dute; Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ez ezik, justizia soziala babestea.
Ildo horretatik, nazio gatazkaren itzalean euskal gizartearen bestelako arazoak sarritan ezkutuan geratzen direla kritikatu du Madrazok, eta koalizioak gizarte arazo horiek konpontzen engaiatu nahi duela azpimarratu du.
Abrilek, berriz, giza eskubide guztiak errespetatzeko borondatean jarri du indarra, eta ezkerreko proposamenak "sufritzen duten guztien alde" egin behar dutela adierazi du, "erdibiderik" gabe. Politikagintzan eragingo duen ezkerra eraiki nahi dutela erantsi du, gehiengo absolutuak galaraziko dituena, eta udal eta batzar nagusi berriak eratzean giltzarri izango dena.
Hainbat lagun ezagun izan dira Aralar-EB koalizioaren aurkezpenean, hala nola, Amaia Zubiria kantaria, Iñake Irastortza aktorea, Amaia Urkia ETBko kazetaria, Erramun Osa Ikastolen Elkarteko kidea eta Ramon Zallo EHUko irakaslea.
Gizarteak "desberdinen arteko akordioak" nahi dituela azpimarratu dute Aralar-EB koalizioaren aurkezpenean
Bi alderdietako militante eta jarraitzaileek parte hartu dute Bilboko Euskalduna jauregian egin duten ekitaldian. Erabakitzeko eskubidea ez ezik, justizia soziala defendatuko dutela agindu dute Javier Madrazok zein Jon Abrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu