Lokarri herritarren sarearen ustez, «ez da oso pozgarria» izan Patxi Lopez lehendakariak legebiltzar taldeekin egin berri duen bilera sailaren emaitza. Batetik, Lokarrik deitoratu du lehendakariak ez duela Sorturekin bildu nahi izan. Eta bestetik, gogor kritikatu du lehendakariak alderdien mahaia eratzea baztertu izana.
Lokarriren ustez, «kezkagarria da oso» lehendakariak esatea ETAren aspaldiko aldarrikapena dela alderdien mahaia eratzea. «Argudio sinplista eta murriztailea da», kritikatu du.«Gustuko ez duen proposamen bat ETArekinlotzea estrategia zaharra da», gaineratu du.
Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak lehendakariari gogoratu dio «indarkeria amaitzea, elkarrizketa erabiltzea eta alderdiak mahai batean esertzea» ez dela ETAren eskaria, «euskal gizartearen zati handi baten» aldarrikapena baizik. Gainera, azpimarratu du alderdien mahaiaren helburuak izan behar duela arazoei konponbidea bilatzea eta herritar guztien eskubideak eta askatasunak errespetatuko dituen marko berria lortzea, eta ez ETAri ordain politikoa ematea.
Lidergoa
Horrez gain, bakegintzan eta normalizazioan gidaritza hartzeko eskatu dio Lokarrik lehendakariari. Hartarako, ezinbestekotzat jo du lehendakariak alderdi politiko guztien proposamenak entzuteko eta eztabaidatzeko gaitasuna izatea, bai eta euskal gizartean dauden sentsibilitate politiko guztiak aintzat hartzea ere. Halaber,bake bidean aurrera egiteko «lidergoa» hartzeko eta ekimen zehatzak proposatzeko eskatudio.
Gizarteak elkarrizketa aldarrikatzen duela gogoratu dio Lokarrik Lopezi
Lokarriren ustez, elkarrizketa eta alderdien mahaia ezinbestekoak dira arazoak konpontzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu